Bi ohar bidali dizkigute Udaletik, udal tasa eta zergei buruzkoa bata, eta danborradako entseguei buruzkoa, bestea. Hemen dituzue:
Iruzur fiskalaren aurkako neurriekin, 320.200 euro berreskuratu dira
Iruzur fiskalari aurre egiteko neurriak iragarri zituen iaz Azkoitiko Udalak, eta neurri horiek eman dituzte lehen emaitzak: Jarduera Ekonomikoen Gainerako zergan 320.200 euro gehiago jasoko ditu aurten eta hemendik aurrera ere bide horretan jarraituko du, iruzur fiskalari aurre egitea lehentasunezkoa delako berarentzat, aberastasunaren banaketa justu baten aldeko politikak garatzeko.
Eta hain justu, helburu hori buruan onartu ditu 2014ko zerga eta tasak. Hala, udal tasa eta zergak orokorrean %1,9 igoko ditu datorren urtean, KPIaren adina, altxortegiaren oreka mantentzeko ezinbestekoa delako. “Zerga eta tasena oso gai delikatua da, politikariok bereizten gaituena. Guk gure lana txukun egin nahi dugu, justuak izan eta babesik gutxiena duten herritarren eskubideak bermatzea izango da gure lehentasuna, eta sarrera gutxien dituztenei karga fiskala gutxitzen saiatu gara”, azaldu du Urrategi Alberdi Ogasun zinegotziak.
Helburu horrekin, zabor eta uraren tasan hobari berri bat onartu zuen iaz Udalak, eta aurten ere mantenduko egingo du: hala, errenta eta familia kide kopuruaren arabera, zabor eta uraren tasan %95era arteko hobaria izan dezakete zenbait herritarrek,eta, beraz, informatu eta hobaria eskatzeko dei egiten die Udalak herritarrei. Enpresa eta jarduera ekonomikoei dagozkien zerga eta tasetan ere kontutan izango dira egoera ekonomiko larria duten enpresen kasuak: aztertuko egingo dira eta hala justifikatzen den kasuetan, ordainketen atzeratzeak onartuko ditu Udalak. Horrez gain, iaz onartu zen %50eko hobaria ezartzea JEZ-n edo IAE-n galerak eduki eta pertsonaleko plantila mantendu duten enpresei, eta hobari hori ere mantendu egingo du aurten ere Udalak.
Orokorrean %1,9ko igoera aplikatuko da, beraz, baina badaude salbuespenak:
• Ondasun higiezinen zergan aldaketa egongo da. Zerga hori aldatzea iaz onartu zuen Udalak, baina azkenean aurten ez da aplikatu, eta 2014an aplikatu egingo da. Hala, ohiko etxebizitzak ez direnei %100eko errekargua aplikatuko zaie datorren urtetik aurrera. “Etxebizitza oinarrizko eskubidea da, beraz, herritar orok du bizileku duin bat izateko eskubidea eta gure betebeharra da hori bermatzea. Neurri honekin alokairua bultzatzea eta etxebizitza hutsak merkaturatzea espero dugu”. Halere, hainbat salbuespen onartu ditu Udalak:
• Eraikuntzen zergan %50eko hobaria izango dute ustiapena Nekazaritza Ustiapenen Erregistro Ofizialean inskribatuta baldin badago, hau da, nolabaiteko esplotazio bat dutenak.Nekazari profesionalei %95eko hobaria aplikatzen zaie, jubilatuak eta alargunak barne.
• Elkarguneko tarifak – Kanpoko igerilekuen prezioak mantendu ditugu. Aldaketa nagusia uda garaiko 10 sarrerako bonoen jaitsiera da. 57 eurotik 40ra eta 46eurotik 30era. Bi gurasoak
langabezian dauden kasuetan 6-17 urte bitarteko gazteen bazkidetzan %25eko deskontua. Ikasle izaera ere 26 urtetara luzatu da. Eguneko sarrerak ere jaitsi ditugu.
• Taxien tarifak %2,2ko igoera izango dute. AGITAX-ek, Gipuzkoako taxisten elkarteak egiten du koste azterketa eta proposamena eta bailarako udalerri guztien artean hartzen da erabakia. Uztaila 2012-uztaila 2013 bitarteko KPI igoera proposatu dute.
• Baztartxoko zine emanaldien tarifa: sarrera normala 4 eurotik 5era igoko da, eta ikuslearen egunekoa, haurrena eta zine forumekoa 2tik 3ra.
Ohiko tasa eta zergez gain, ordenantza berriak ere onartu ditu Udalak:
• Arma baimena eta animalia arriskutsuak edukitzearen baimena ematearen ordenantzak.
• Logopedia zerbitzua udalek kudeatuko dute 2014tik aurrera eta honen tasa eskoletan ordaindu beharrean udalean ordaindu beharko da.
• Etxez etxeko zerbitzuaren ordenantzan ere aldaketa bat sartu da: zerbitzu hau eskatzen duen erabiltzaileak gehienez 12€ko tasa ordainduko du. (Kostua 20,01€koa da berez. eta udalak %35ean finantzatzen du.
2013 SAN ANDRES JAIETAKO DANBORRADA
Aurten ere, danborrada San Andres jaien barne ospatuko da, larunbatean, azaroaren 23an konkretuki. Ekitaldi hau prestatzeko, entseguak datorren astelehenean azaroak 4ean hasiko
dira, Gurea Pilotalekuan. Entseguak, astelehena (gaueko 8etatik 9etara), asteazkena (gaueko 8etatik 9etara) eta larunbatean (goizeko 11etatik 12etara) egingo dira.