UDALA, EUSKO JAURLARITZAK X. MUNIBEKO ERAIKIN BERRIA ONARTZEAZ

Maxixatzen.eus 2013ko urr. 24a, 07:10

Eusko Jaurlaritzak eraikin berria egitea onartu du.

Xabier Munibe ikastolako DBHko eraikin berria egiteko finantziazioa baimendu du Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak, eta albiste hori pozgarria iruditzen zaio Azkoitiko Udalari.

Aspaldikoa da ikastetxearen toki beharraren arazoa, eta prozesua behar baino gehiago luzatu dela uste dugu. Udala proiektu honen jarraipen zorrotza egiten saiatu da. eta prozesu hori azkartzeko behin baino gehiagotan eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Tamalez, udalaren eskaerek ez dute nahi adinako erantzunik izan.

Hain zuzen, iragan udaraz geroztik bilera eskaera ugari egin arren, Udalak ez du inolako informaziorik jaso, eta hartutako ebazpenaren berri prentsa oharraren bidez izan du.        

Hala ere, baimena ematea oso albiste ona dela uste dugu, eta eraikin berriarekin Xabier Munibe ikastetxearen leku faltari behin betiko irtenbidea ematea espero dugu. Lanak ahalik eta azkarren egiteko gure baliabide guztiak eta elkarlana izango ditu Hezkuntza sailak eta prozesua gertutik jarraituko dugu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide