Munoaundiko herri harresituan lan arkeologikoak egin dituzte joan den uztailean eta abuztuan, Burdin Aroko aztarnategiko VIII. ekinaldian, duela 2500 urte hemen nola bizi ziren jakiteko asmoz.
Urola aldeko orduko biztanleek Munoaundi mendia aukeratu zuten bizilekutzat. Harresia eraiki, eta hormaren babesean aterrazamenduak prestatu zituzten, bertan etxebizitzak eta lan egiteko guneak atondu, eta, eguneroko jarduerak egin.
Aztarnategiko proiektu arkeologikoa garatzeko, indusketa arkeologikoa 2006 urtean hasi zen, eta aurten lanen VIII. ekinaldia osatu dute.
Ikerketa arkeologiko horrek bi helburu ditu: alde batetik, herriaren babes-sistema eta sarbidea -azkeneko hau Gipuzkoan ezagutzen den lehena- ikertzea, eta, beste aldetik, eguneroko bizi-moduekin lotutako datuak berreskuratzea, hala nola, etxebizitzen edota bestelako egituren eraikuntza-erak, fabrikatzen zituzten produktuak edota ekoizten eta jasotzen zituzten elikagaiak.
Ikerketaren bi helburuok gara daitezen, bi indusketa-eremu zabaldu dira Munoaundin; guztira 800 m2 baino gehiagoko eremua ikertzen ari da metodologia arkeologikoaren bidez.
1. eremua mendebaldean dago eta bertan herriko sarbidea identifikatu da. Harresiaren eten batean 2 metroko zabalera duen bidea irekitzen da eta bi bastioi edo babes-egitura dokumentatu dira albo banatan, harresiarekin bat egiten dutenak. Babes-sistemaren barnean, sarbidea puntu ahulenetariko bat da eta, horrexegatik, mendiak duen sakonune baten ondoan kokatu zuten hango biztanleek, iparraldeko zonaldea babes naturalarekin osatzeko. Herrira sartzeko bidea harresiaren azpitik doa, hegoaldetik iparralderantz, hegoaldeko bastioiaren azpitik, eta ia harresiarekiko zut barneratzen da herrian, aldapa gora.
2. eremua aztarnategiaren hegomendebaldean kokatuta dago eta harresia eta harresiaren gainean dagoen aterrazamendua hartzen ditu. Bertan material kontzentraziorik handiena berreskuratu da indusketa hasi aurretik egindako lanetan, eta ikertzaileek espero dute etxebizitzen oinarriak aurkitzea, harresiaren barneko hormaren kontra egongo baitira.
Sarbidearen iparraldeko bastioiaren ekialdeko hormaren aztarnak eta bertan azaldutako sutondo baten ikuspegia.
2013ko ekitaldian indusketa bi zonalde hauetan jarraitu da. 1. eremuan sarbidea babesten duten babes-egitura baten oinplano ia osoa mugatzen lortu dute, egitura honen iparraldean. Zonalde horretan, nahiz eta mendi-bide batek babes-egitura partzialki puskatu zuen, zenbait elementuk neurria eta forma ezagutzeko aukera ematen digute. Horrela badakigu egitura hauek 12 metroko aldea duten eta erliebeari egokitzeko lerro zuzenak eta okerrak bateratzen dituzten. Hormak bertako harriez egiten zuten, bata bestearen gainean lehorrean jarrita, hau da, inolako kareorerik erabili gabe.
2. eremuan iaz hasitako lanekin jarraitu dute. Hasierako azalera handitu egin da eta guztira 425 m2-ko zonaldean lan egiten ari da. Eremu honetan harresiaren mendoitza eta goiko aterrazamendua ikertzen ari dira, etxebizitzak bilatzeko asmoz, eta honezkero, harresiaren kanpoko horma dokumentatu dute eta eguneroko bizitzarekin lotura duten materialak berreskuratu dituzte, hala nola, eskuz eta tornuz egindako zeramika zatiak, ontzi txikiei eta baita tamaina handiko ontziei ere dagozkienak, metalezko zenbait elementu, haien artean, iltzeak edo lantza-punta bat, ezkur-aleak eta beste bilketa-aztarnak, edo zereal aleak, nekazaritzarekin lotutako lehengo aztarna zuzenak.
Ikerketa arkeologikoaz gain, Munoaundin beste ekimen batzuk egiten ari dira urtero, bi norabide desberdinetan. Batetik, kontserbazioaren arloan, aztarnategia babesteko zenbat jarduera burutu dira, adibidez, aztarnategiaren lur-sailak esku publikoetan ustea erosketaren bidez, bertan zegoen pinu-landaketa moztu aztarnategia kaltetu gabe, edo aztarnategiaren eremua itxi, ibilgailu mekanikoak sar ez dezaten, azkeneko urteetan motorrak eta quad bezalako ibilgailuak harresian kalteak egiten ari baitziren.
Bestetik, dibulgazio-materialak argitaratzen edo ekoizten ari dira, aztarnategia eta ikerketa arkeologikoa bera jendartean zabaltzeko. Horrela triptikoak, unitate didaktikoak, web orria edota erakusketa bat egin dira. Aurten, berriz, aztarnategian argibide-taulak jarriko dira Burdin Aroko herrian nola bizi ziren adierazteko.
Lan hauek guztiak Aranzadi Zientzi Elkarteko Historiaurreko Sailetik egiten ari dira, S. San Joseren zuzendaritzapean eta erakunde publikoaren laguntza dute, hala nola Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta Azpeitiko eta Azkoitiko Udalena, Iraurgi Berritzen sustapenaren bidez. Kontserbazio arloetako zenbait jardueretan, erakunde hauez gain, Eusko Jaurlaritzak ere parte hartu du. Indusketa arkeologikoa, hala ere, boluntarioei esker gauzatu da, beraien laguntzarik gabe ezin izango bailitzateke aurrera eraman.
Egun Munoaundi pinudik gabe dago eta horrela herri harresitua hobeto ezagutzeko aukera dugu. Ildo honetan, esan daiteke aurrerapauso garrantzitsu bat eman dela, aurtengo ekinaldiaren azkeneko egunetan eta geroztik egindako miaketetan zehar, beste aterrazamendu txiki bat dokumentatu baita hegoaldean, mazelaren erdialdean kokatuta, mendi-gain eta hego-mendebaldeko aterrazamenduaren artean. Aztertutako materialen arabera, oso zonalde emankorra izan daitekeela dirudi eta datorren urteetan datu gehiago lortzea espero dute arkeologoek bere funtzionalitatea argitzeko.