ELKARRIZKETA: MATADEIKO BEBARRUKO JARDUNEK

Maxixatzen.eus 2013ko urr. 7a, 07:08

Eskaintza mardula osatu dute Matadeiko lagunek aurtengo udazkenean ere Bebarruko Jardunek osatzeko. Hara gure galderei eman dizkieten erantzunak:

Nolatan sortu zitzaizuen hain kultura eskaintza mardula izen horrekin egiteko ideia? Noizko kontua da?

Matadeiko partaide zen lagun euskaldun berri batek oso gustokoa zuen bebarru hitza eta hitz horri tiraka sortu zen jardunaldien izena. Uste dut Bebarruko Jardunek 2005. urtean hasi zela martxan. Musikaren norabide eta erabilera ezberdinen inguruko eta adierazpen artistiko berritzaileentzat leku berri bat sortzea zen zen gure helburua, eta horrela joan gara urtero jardunaldi hauek antolatzen.

Musika eta zinema dira aurtengo udazkeneko Bebarruko Jardunen ardatza. Zer dela eta?

Bebarruko Jardunen ardatza betidanik izan da musika eta zinema. Gure proposamenak beraien izaera esperimentalagatik eta erakusten duten arrisku artistikoengatik ikusle-entzulego mugatuarentzat direla esan dezakegu, baina geroz eta interes handiagoa eta harrera hobea jasotzen ari gara azkenengo “jardunetan”. Beraz, muga horiek hausten ari garela esan dezakegu.

Filmak ziklo batean bilduta doaz. Kontzertuek ere jarraitzen al dute ildo jakinik?

Oraingo honetan filmak animazio teknikaren inguruan bildu ditugu eta animazioaren munduan, eta gehiago helduentzako animazioan, gaiak oso ugariak direnez nolabait pelikula guztiek zerbait amankomunean edukitzea nahi izan dugu; Jainkotasuna edo honek gizakiarengan duen eragina kasu. Jainkotasuna bere zabaltasunean hartuz jakina eta modu ez erlijoso batetan. Izendun jainkoak eta izenik gabekoak, jainkotzat hartzen "ditugunak" edo haiek bezala portatzen direnak, arrain handia eta arrain txikia..... ikuspuntuan dago kakoa. Esan beharra dago ziklo honek (Matamation) jarraipena izango duela aurrerago eta gai desberdinak jorratuko direla.

Kontzertuetan, berriz, ez dago gai edo estilo zehatz bat, lehen esan bezala edozein lekutan jotzeko hartuko ez lituzketen taldeak dira, estilo desberdinetakoak eta esperimental edo minoritariotik hurbil daudenak. Batzuk urrunetik datoz, izen handiak dira, baina ezezagunak askorentzat; beste batzuk gertutik datoz eta izena egiten lagundu nahi diegu. Denetarik dago esatekoz.

 

Udazkenari lotuta al daude ezinbestean Bebarruko Jardunek? Zergatik?

 Ez dauka zer ikusirik udazkenarekin, Bebarruko Jardunek udaberrian eta udazkenean antolatzen ditugu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide