IRENE ELORZA: Txanbolink_31

Irene Elortza 2013ko ira. 9a, 14:26

Kontrako eztarri, kontrako eztarrixe.  Okerreko eztarria, arnasa hartzen deneko

bidea. "Kontrako eztarritik juntzat jatekue".

Batzuetan kontrako belarritik sartzen zait musika. Larunbat gauetan edo festa

egun ofizialetan Azkoitiko tabernetan ateratzen naizen gehienetan, nire belarriek

ezin izaten dute entzuten dutena ondo digeritu. Agian urdail delikatuegia dudalako

izango da; seguruenez, urteetan eduki dudan ‘dietak’ ere lagunduko zidan horretan.

Arrazoiak arrazoi, gaur egun tabernetan jartzen duten musikak eta orain dela ez

hainbeste urtekoak, ez dauka antzik bat ere (20 urtez errepikatzen joan diren kantak

salbu, noski. Chiquillaaaaaaa!).

Tabernak eskaintzen zuen ‘zerbitzuetatik’ inportantenetakoa zen musika guretzat,

baita festa egun eta larunbatetako parrandetan ere. Musikaren arabera aukeratzen

genuen zein tabernatan geratu eta nondik alde egin. Euskal Herriko gaztetxeetan La

Polla, Eskorbuto eta antzeko taldeak entzuten zituzten bitartean, horietaz gain, REM,

Lords of the New Church, Dirección, Jotakie, Elvis Costello, Fischer Z eta beste

hamaika talderen diskoak ibiltzen ziren bueltaka Azkoitiko Gaztetxean. Kalera atera

eta tabernetan ere kalitatezko musikaren errepertorioak ez zuen akaberarik. Bai,

aitortzen dut, Espainiako pop eta ‘mobidako’ talde gehiegi entzuten ziren batzuen

gusturako. Eta bai, Euskal musikak ez zuen toki handiegirik gazteen tabernetan.

Hala ere, eskaintzen zuten musika onarengatik kanpoan ere ezagunak ziren

Azkoitiko tabernak. Azpeitiko eta Elgoibarko jende asko etortzen zen musika horrek

erakarrita, beraien herrietan horrelakorik ezin zutelako amestu ere egin (salbuespen

ohoragarriak salbuespen). Atraskua, Dean, Etxe Aitz… musikazaleen topalekuak

ziren binilozko diskoen eta kaseteen garaietan. Tabernariek denbora ematen zuten

diskoak aukeratzen, garbitzen eta jartzen. Horren aurretik, kuriositate infinitua

asetzeko ahalegin bat izaten zen, eta Donostiarainoko bidai ugari, Xaribaritik disko

pilaz hornitzeko. Musika inportantea zen; etxeko marka, sarritan.

Estilo desberdin asko ezagutzeko aukera izan genuen horrela. Etxean entzungo ez

nituzkeen talde pila batekin gozatu eta dantza egin izan dut Azkoitiko gau haietan.

Rage, Kyuss, Led Zeppelin edo Jimi Hendrixen kitarrak The Who, Aretha Franklin,

Peter Tosh eta Bowieren doinuekin nahasten ziren festetako sesio haietan. Orduan

ere bazen radioformuletan behin eta berriz entzuten zen musika komertzial erraza

eta mainstream-a (Roxette, Gozategi, Bon Jovi eta tankerakoak ezin ahaztu nahita

ere!); baina ez zeukaten parrandarako errepertorioaren monopolioa. Gaur egun (eta

gau) musika mota hori erabat hedatu dela iruditzen zait. Birus bat bezalakoa da.

Berdin du astegunean musikaz arduratzen den taberna izatea, asteburua iritsi eta

transformazio bortitza izango du eta: azken ‘joseinakadak’ programatu eta bezeroei

bolumen jasangaitz batean oparitzerainoko transformazioa. Aurtengo Andramaixek

horren adibide garbia izan dira: Azkoitiak Venezuelako herri bat zirudien, hainbeste

regetoi eta merengue likatsu bazterretan. Jendeak  ‘perreatuko’ balu sikira!!

Horrelakoetan Beyoncé-ren abesti bat entzun eta emozionatu egiten naiz, beltza eta

kalitatezkoa delako behintzat (musikaz ari naiz).

Taberna guztiek dituzte internetera konektatutako eta musikaz betetako

ordenagailuak. Ea ba festa egunen baten pilotu automatikoa jarri beharrean

sarean dauden eskaintza interesgarriren batean erortzen diren. Eta ametsetan hasi

naizenez, ea ondo ekualizatzen asmatzen duten… Belarriekin txalo egiteko prest

egongo gara asko eta asko!

http://kontrakoeztarrixe.blogspot.com.es/

Irene Elorza

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide