Tenerife
Teide—La Esperanza– Guimar
Oskarbi esnatu zaigu eguna gaurkoan ere. Goizeko zortzietan irten gara alokatutako auto koxkorrean, eta bidean gora goaz: Arona aurrena, ondoren Vilaflor, 1.500 metrora, Espainiako herririk altuena omen dena, non eta Afrikako irla honetan. Bidean aurrera jarraituta, Las Cañadas de Teide bistaratu ditugu. Txundigarriak dira garai bateko mila pezetako billeteetan ageri ziren labazko zutarriok, sumendiaren tximiniek inoizko denboretan purrustadaka osatutako eskulturak.
Goraxeago, handik hurbil dago Teidera igotzeko teleferikoa, eta haren barruan igo gara 2.500 metrotik 3.500 metroraino, minutu gutxiko igoeran. Zirraragarria hura ere, teleferikotik irtendakoan pasieran hasi garenean bereziki, metroak hain bizkor igo izanagatik altueraren eraginak jasan ditugu eta.
Goian ibilaldi laburra eginda, gora bezalaxe egin dugu behera ere, eta autoan La Esperanzako basoan behera jaitsi gara. Izen bereko herriko plazan bazkaldu dugu, bertako denda batetik jan-edanak erosi eta gero.
Busto bat daukagu aurrez aurre, kazetari bati eskainia. Haren atzealdeko horman bost plaka daude, poema bana erdian dutela. Aipagarriak iruditu zaizkigu honako kopla herrikoi hauek:
“Tengo el cuerpo de coplas
que parece un avispero,
se empujan unas a otras
por ver cual sale primero.”
“Nadie se acuerda de mí
cuando estoy cogiendo higos,
cuando llega el mes de marzo
me visitan los amigos.”
Zer esanik ez, Omar Kheyyan idazlearen aholkuek ere merezi izan dute gure arreta eta gogoeta:
“Mespretxa ezazu edertasuna maite ez duen bihotza. Nazkagarria da pasiorik gabekoa izatea. Horrelakoak ez du merezi argi egiten duen eguzkirik, ez eta penak baretzen dizkigun ilargiaren muxurik ere.”
Bazkalondoan, Santa Cruz hiriburuko kaian sartu-irtena egin dugu, aparteko emoziorik gabe. Handik, Piramides de Guimar arkeologia parkera joan gara. Bertan, harri bolkanikozko piramide bitxiez gain, Thor Heyerdahl ikerlariaren itzala ageri da edonon. Dokumental argigarrian adierazten denez, Heyerdahlek egiaztatu nahi izan zuen posible dela zumitzezko itsasontziekin ozeanoak zeharkatzea. Esan eta egin, garai batean erabiltzen zituzten ontzien modukoak eraiki, eta, ibili ibilian, lortu egin zuen halakoekin ozeanoak aldenik alde igarotzea. Gainera, parkearen kanpoaldean ikusgai daude balentria harrigarri haien lekukoak.
Haren ildokoak dira, bestalde, aspaldiko egiptoarrak, hititak, olmekak, maiak eta Kanarietako guantxeak jatorri berekoak izan daitezkeela baieztatzen duten teoriak. Guztiek egin zituzten piramideak, eta eguzkiaren gurtzaile izanik, guantxeek izan ezik, azal zuriko bizardun jainkoak zeuzkaten. Espainiarrak, azal zuriko bizardunak izanda, jainkotzat hartu zituzten ozeanoaz bestaldean, Ez ordea guantxeek, beren antzeko itxura zutelako. Baliteke olmekek beraien sakrifizioetarako azal zurikoak erabiltzea, baina den-denak ere zurien eskuetan erori ziren azkenean. Hititek eta olmekek egiptoarren antzeko idazkera hieroglifikoa erabili zuten. Gisa bereko itsasontziak zumitzez eraikitzeaz gainera, tankera bertsuko buztin-tresneria apaindua erabili zuten.
Burua horrelako kontuetan korapilatuta eraman genuen kafetegira, eta kafea hartzerakoan aforismo bana aurkitu genuen azukre zorroetan.
Bata, Alain Emile Chartierrena: “Arriskurik gabe beldurtzen den gizonak arriskua asmatu egiten du bere beldurra arrazoitzeko.”
Gilbert Keith Chestertonena da bestea: “Baikorrak besteengan sinesten du. Ezkorrak, aldiz, bere buruan baino ez.”.
Guimarreko parajeak utzi, eta Poris de Abona izeneko kostaldeko herrixka lasaian egin dugu ilunabarra bitartekoa. Zerbeza bana hartu dugu kakahueteekin, hondartza estuaren aurreko alemaniar emakumearen tabernatxoan. Egin digun abegi oneko harrera umoretsuaren baitan, jaioterritik urruti etxea aurkitu du lagun honek, eta kide sumatu dugu haren irribarrea, guretar askorena baino kideago.
Eskuinetara begiratuta, mendebalderantz ikus dezakegun lurmuturraren puntako itsasargia. Koloreak eta egitura aintzat hartuta, Muskizeko Petronor lantegiko tximiniak gogorarazi dizkigu. Iparralderantz, berriz, haize errotak jira-biraka dabiltza, hego haizeak eragindako dantza borobilean.
Itzultzeko gogoarekin agurtu ditugu uretan zebiltzan umeak, eserita berriketan ari ziren zaharrak… neu herri txikikoa izatearen kontuak izango dira.
Aitor Arruti Rezabal
2006ko abuztuaren 15a,
Andra Mari eguna