Manejarra, manejarrie. Lapurreta.
Non ote daude ondoegi gorde eta orain aurkitu ezin ditudan nire gauzak? Liburu batean
gordetako argazkia, kokozko eta zilarrezko eraztun borobil hura, oraindik iraungi gabe
dagoen pasaportea… non ezkutatu dira? Etxez aldatzen denak badaki bidean zerbait
galduko duela. Beti. Arau unibertsala da. Alferrik da kaxetan pegatinak jartzea, sartutako
materiala zerrendatzea, edo elefantearen pareko memoria izatea: beti faltako da zerbait.
Ondoegi gorde zenuen, galtzeko beldurra zenuelako: orain ondoegi galduta daude. Eta
paradoxak ez dizu bat ere graziarik egiten. Zeren eta (galdu egin delako izango da baina)
galtzen den hori berezia izaten da zuretzat, garrantzitsua, edo esanahiz betea, gutxienez.
Behin eta berriz begiratzen duzu jakineko lekuetan. Ondoren, nekez erabiliko zenituzkeen
gordelekuetan begiratzen hasten zara. Eta emaitza berbera da. Ez duzu ezer ulertzen. Zeure
buruari lapurreta egin bazenio bezala sentitzen zara. Baina lapurra memoriaren godelekurik
ilunenean hain ezkutatuta dago, bai baitakizu sekula ez duzula harrapatuko eta ez dituzula
zure altxor horiek inoiz berreskuratuko.
Zoriak bakarrik lagun zaitzake. Astearte arratsalde batean, esaterako, lagun bati utzi behar
diozun liburu hori hartu, zabaldu, eta orriak azkar batean airatzen hasten zarenean argazki
zaharra aurkitzen duzunean bezala. Edo neguko arropak gordetzerakoan traba egiten dizun
kaxa hori ireki eta hatz luzean janzten zenuen eraztun eder hura berreskuratzen duzunean
bezalaxe. Orduan akordatzen zara poliziek kontrabando-gaiak konfiskatu eta atzemandakoa
telebistaren aurrean aurkezteko egiten dizuten ‘bodegoi’ moduko horiekin. Zure bizitzan
galdu dituzun gauzekin antzeko ‘natura hila’ osatuz gero, zein neurriko mahaia beharko
zenuke? Gauza guztiekin gogoratuko al zinateke, ala batzuk arrotzak izango lirateke bat-batean?
Galdu zirenean zuten esanahia mantenduko al lukete? Urteen ondoren guregana
itzultzen diren gauzak (eta, zergatik ez?, pertsonak, sentimenduak…) behin izan ginenaren
lekukoak dira. Lapur trakets batek utzitako arrastoak.
https://www.youtube.com/watch?v=xRBvsp17NAc
(La Intrusa dantza taldea: ‘Best of you’ ikuskizuna. Bilboko Arriaga Antzokia, 2013-11-27)