ELKARRIZKETA: BEÑAT ALKORTA, ANDRAMAIXETAKO KARTEL LEHIAKETAREN IRABAZLEA

Maxixatzen.eus 2013ko uzt. 29a, 00:21

[caption id="attachment_1368" align="alignleft" width="240"] Beñat kartel irabazlearekin[/caption]

Beñat Alkortak irabazi du Andramaixetako kartel lehiaketa, joan den asteazkenean jakinarazi genuen moduan. Hara hemen egin diogun elkarrizketa:

Nondik eta nora sortu zen kartela horrela egiteko ideia?

Ideia gehienak sortzen diren era beretsuan, egia esan: orri zuri baten aurrean jarri, eta buruari bueltak eman ostean.

Hala, aurtengo Andramaixetako asteak hasiera eta amaiera ez ohikoak dituela ohartu nintzen, txupinazo bezpera "asteartea eta 13" tokatzen da, urte guztian bakarra, eta festen ondorengo eguna, 19a, astelehena, lehenaz gain.

Hau guzti hau buruhaundi batekin eta herriaren irudi karakteristiko batekin zaku berean sartuta, baneukan hariko muturrari tira egiten jarraitzeko. Festen kartel batek eskatzen duen umore puntu bat ere jasotzen zuen ideiak, eta, beraz, entregatzeko eguna gainean zela eta, guztia 30x50cm-tara ekartzea soilik geratzen zen.

Erraza izan al zen ideia gauzatzea? Nola egin zenuten?

Larunbat goizean, goizean goiz, merixoen bulegotik buruhaundi bat hartu ostean, aurrez pentsatuta nuen kokalekura abiatu ginen Koldo eta biok, San Martingo ermitara. Hemendik eskerrak berari ideia gauzatzen laguntzeagatik. Lekuaren azterketa txiki baten ostean, tokian bertan aurkitu genuen harri pilo baten gainean esertzea bururatu zitzaion lagunari; bere ahalegin berezia eskatzen zuen azioak, harriek zeukaten mugimendua zela eta. Hala ikusi nuen huraxe zela bila nenbilen irudia. Argazkia ordenagailura irauli, eta irudiak lantzeko zenbait programaren laztan batzuen ostean, kitto, inprimatu eta astelehenean Udaletxera eraman genuen.

Zer ikasitakoa zara? Nolakoa izan da zure formazioa?

Arkitektoa naiz. Duela urtebete pasatxo amaitu nituen ikasketak Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan, arkitektura estudio batean 2 urtez kolaboratzaile gisa egon ostean. Suertatu zaigun garai zail honetan bidea ireki nahian gabiltza, eta badut zenbait proiektu esku artean. Arkitekto guztiei bezala, diseinua da benetan gustatzen zaidana, era guztietakoa. Sortzea. Eta burututako ikasketek alderdi hori garatzen lagundu didate.

Zer eragin izan dezake irabazi izanak zure eguneroko jardunean?

Jendearengana iristeko bide zuzena dela deritzot kartel lehiaketa irabazi izana, eta dudan jarduera profesionalarekin harreman zuzena izanda, biak baitaude sormenarekin lotuta, ezagutzera emateko balio diezadake. Behar nauenak www.burruntzierreformak.com-en aurkituko nau, ehunetik ehun eta hamar emateko prest.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide