Uztaila jolasean
Landako urtegian
300 ume inguru dabiltza Azkoitian egunero hainbat kale eta instalaziotan Alai Batza aisialdi elkarteak, Azkoitiko udalaren laguntzarekin, antolatutako Uztaila Jolasean udalekuez gozatzen.
Udalekuen nondik norakoen berri jakiteko asmoz, 3-4 galdera egin dizkiogu Iñaki Etxeberria koordinatzaileari.
Noiztik ari zarete mota honetako udalekuak antolatzen eta zein dira helburu nagusiak?
Orain dela lau urte Alai Batzak hartu zuen Uztaila Jolasean udalekuak antolatzeko ardura, Azkoitiko Udalaren Gazteria Sailarekin batera. Ekimen hori ez genuen geuk hasi, aurretik urte askotan zehar eskaintzen zen eta. Alai Batzak jarraipena eman zion aurreko urteetan egindako bideari. Horretaz aparte, ekainaren 24tik abuztuaren 3ra beste udaleku batzuk antolatzen ditugu Somalon eta Logroñon. Begirale taldeak programatzen dituen ekimen guztietan aintzat hartzen ditu, besteak beste, honako helburuak:
- Umeengan giza baloreak sustatu.
- Beraien sormena eta gaitasunak era positiboan garatu .
- Elkarrekin bizitzen ikasi.
- Alaitasuna eta baikortasuna bultzatu.
Gure lanean, umeen eta begiraleen arteko konfiantzazko giroan oinarritzen gara, eta uste dugu ekintza bakoitza umeak hezteko aukera izaten dela.
Goizero hainbat adinetako umeak elkartzen direla jakinik, nolako ekintzak garatzen dituzue?
Ez da erraza hainbeste umerentzat ekintzak prestatzea. Izena ematen duten umeen adina kontuan hartuta, hiru talde osatzen ditugu. Zergatik? Egitaraua beraientzako ahalik eta ondoren moldatuta egon dadin. Eguneroko ekimenak prestatzeko, lehen aipatutako helburuak gogoan hartzen ditugu, eta horiekin batera egun bakoitzean giza balore bat lantzeari ekiten diogu. Hau guztia argi daukagunean, burutuko diren ekintzak antolatzen hasten gara: eskulanak, txapelketak, ur jolasak, irteerak, dantzak, antzerkiak…
Nolako antolamendua daukazue horrelako udaleku bat prestatu eta aurrera eramateko?
Apirilean Azkoitiko Udalaren Gazteria Sailarekin martxan jartzen gara. Hil horretan egiten diren bileretan udalekuetako antolaketa orokorra zehazten da. Maiatzean begirale taldea osatzen dugu, Alai Batzan ikasturtean zehar lanean ibiltzen diren boluntarioekin. Eta ekainean beste bilera batzuk antolatzen dira, begiraleei prestakuntza emateko eta egitarauak prestatzeko.