Estilo jakin bat jorratu zuen Fermin Etxegoienek bere lehen eleberri sarituan, Autokarabanan, eta berdintsu jarraitu du Zinegotzia lanean:
narrazio zuzena, pertsonaien deskribapen psikologiko bizi eta umoretsua, etengabeko ironia, gure soziologia eta politikaren ikuspegi propioa lau haizetara, egungo gaien azterketa astintzailea, fikzioa eta errealitatea nahas-mahasean.
Dena dela, atzekoz aurrera hasitako narrazioa da oraingoa, aurreneko esaldian adierazten baitu egileak eleberriko korapiloetako bat nola askatuko den: Eskumako zinegotzia berandu esnatu zen Euskal Herriaren independentzia bere eskutik etorri zen egunean.
Erraz irakurtzeko proposamena, irria ahoan.