Saint Bertrand de Comminges, Frantzia.
Paraje ederrak aukeratu zituzten erromatarrek askotan beraien herri eta hiriak eraikitzeko, eta halakoxea da bailara hau ere. Garona ibaiaren goi-ibilbidean dago herrixka, bailaran zehar urrutitik ikusten den eliza galanta muinoaren gainean, etxeak inguru guztian behera.
Uztail hasierako larunbat argitsua da gaurko eguna. Goizean bizikletan ibili ondoren, kanpina utzi eta herrira etorri gara bazkaltzera. Herriaren magalean dagoen jatetxe batean egin dugu otordua, plaza zabal baten ertzeko zuhaitzek eskainitako itzalaren babesean.
Bizi-bizi joan da plater arteko hitz trukea, lagunartean jan-edanekin gorputza elikatu ahala adimena piztuko balitzaigu bezala. Gainera, badirudi geu garela kanpotar bakarretakoak hemen, eta ez dugu sentitu inoren bakea haustearen zamarik. Izan ere, ez da beste bezerorik agertu gaurkoan jatetxera, baina, gure bazkalondoan zehar lagun taldea bakantzen hasi zaigun hein berean, bata siestara, bestea jandakoa jaisteko ibilalditxoa egitera, hurrengoa auskalo zertara, jendea hasi da plazara inguratzen.
Jende askorik ez da, dozenaren bat lagun izango dira guztira, helduak gehienak, ez gazte, ez zahar. Haietako batek bozgorailu bat eta kable batzuk kokatu ditu plazaren ertz batean, eta musika barea hedatu da inguruan. Gu plazaren beste ertzean gaude, eta dagoeneko hiru lagun bakarrik geratu gara, leku hartako bakea eta lagunarteko solasa ederretsiz.
Sosegu ederrean, jendea plazara irten eta dantzan hasi da. Aurpegiek ez dute tentsiorik erakusten, irribarre lasaiak ageri dira ezpainetan, mugimenduei nabari zaie gustura sentitzearen poza. Geuri ere, halako harmonia bat irudikatu digu herritarren dantzak nolabait, eta, bizimodu desorekatuaren erdian oreka agertu zaigula konturatuta, isildu egin gara hirurok.
Hitzak soberan daude, guregan kanpotik barrura bidea samurtasunez egiten duen magiaren aurrean. Esker ona baino ez zaigu erne barrenetan, bizitzari eskerrak emateko gogo bizia, edertasun xumea bete-betean gozatzeko unea eskaintzeagatik.
Aitor Arruti Rezabal
2006ko uztaila.