Azkoitiko urrestildarra naiz ni.
Bizitzako oinarrizko pausoak Urrestillan eman nituen:etxeko baratzean ibili nintzen lehen aldiz neure hanken gainean, amak babestutako etengabeko jaiki-erorian; herriko plazan erakutsi zidan aitak bizikletan ibiltzen, haren hitzak adore; Altunako presan ikasi nuen igerian, txikitako lagunen iji-ajan.
Urrestillako izaeraren uberan osatu nuen bizitzarako ikaste-ibilia. Horrenbestean, Nuarbe erreka, Aratz erreka eta Oihal errekaren urak jasotzen dituen Ibai Ederren jarioaren baitan taxututako nortasuna da nirea.
Gure herriko ibaian behera Azpeitira iritsita, sarri eta hondoko zokoetaraino igeri egindakoa naiz hango uretan ere. Azkenaldian, ordea, korrontearen kontra, Urola ibaian gora etorrita, Azkoitian bizi naiz, gogo onez; hamar urte badira dagoeneko.
Azkoitira iritsi orduko, Maxixatzen astekariko kolaboratzaile bihurtu nintzen, eta orduan atseginez ezagutu nituen uretan murgilean salto eginda, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko kidea naiz gaur egun.
Honako txoko honetan, azken urteotan koaderno berde batean eskuz jasotzen eta ontzen joan naizen notak jasoko ditugu pantailara. Opor garaian idatzitakoak dira gehienak, eta iruditu zait postal izenak haien berri zuzen ematen duela. Ez nuke nahi bizitakoaren berri ematen didaten idatzi xume horiek galtzerik, eta zuk ere San Joan sutara botatzea baino hoberik merezi dutela iritziko bazenio, benetan pozik nengoke.
Eskerrik asko zure begirada honaino bideratzeagatik.
Aitor Arruti Rezabal