Joan den osteguneko Maxixatzeneko batzarrean Webarrueren nondik norakoak aurkeztu zituen Jaione Irizarrek, Komunikazio batzordekoen izenean. Hona hemen orduan adierazitakoen labur bilduma, elkarrizketa moduan:
1. Noiz eta zergatik ekin zenioten Maxixatzenen Webarrue osatzeari?
2012. urtean ekin genion Webarrue sortzeko egitasmoari, gaur egun interneten egotea interesgarria delako alde batetik, eta bestetik papereko edizioak atera ezinari erantzun bat eman nahi geniolako. Iaz lehenengo bertsio bat jarri genuen martxan, eta orain etxe berriarekin gatoz, gure urteko helburuak proiektu honen bueltan jarrita.
2. Zein dira atal nagusiak eta zergatik egituratu duzue horrela?
Guretzako atalik garratzitxuena euskara eta kulturari dagokiona da, bertan plazaratu nahi ditugulako euskararen inguruko nondik norakoak eta kultur ekitaldi eta eskaintzen inguruko informazio eta gomendioak. Horrez gain, badugu herriko kontuen inguruko beste txoko bat, herrian jakingarri direnen berri emateko asmoarekin, baina, aldi berean, gure herriko taldeentzat ere plaza bat izatea du helburu. Gainontzean, badira beste atal interesgarri batzuk ere, blogariak, agenda, bideoak eta beste hainbat.
3. Zeinentzako weba da, zer eratako jendeari eskaintzen diozue?
Hasiera batean, azkoitiarrei zuzenduta egongo da batez ere, gehienbat Azkoitiko kontuak ibiliko direlako bertan, baina euskara eta euskal kulturaren inguruan jakin mina daukan edozeinentzat ere erabilgarri izan daiteke.
4. Zein da Webarrue egitasmoaren helburu nagusia?
Webarrue azkoitiarrontzat web erreferente bat izatea gustatuko litzaiguke, baina batez ere nahi duguna komunitate bat sortzea da, denon artean sortutako proiektu bat izan dadin, edozein herritar edo herriko talderi plaza bat eskaintzen diogu guk. Bestalde euskara eta euskal kulturaren inguruko informazioa herritarrengana iristeko aukera ona dela uste dugu, eta asmo horrekin gabiltza.