Oriau. Aire berritu.
Beste emakume bat erail dute aste honetan. Eskuak lotuta eta ahoa estalita azaldu da. Jipoia eman eta isilarazi egin dute. Maureen Ada zuen izena. Ez nuen ezagutzen, ez dut bere ahotsa sekula entzungo.
Isiltasun horren hutsunea betetzera beste emakume bat etorri zait, ordea (orekarako joera xelebre hori du bizitzak). Shirin du izena. Aste honetan bertan bere ahotsa ezagutzeko aukera izan dut Madrilen egiten den PHotoEspaña jaialdia dela eta. Erbesteratuta bizi den artista iraniar honek argazkiak, bideo instalazioak eta filmak egiten ditu, besteren artean. 1998an sortu zuen ‘Turbulent’ ikus-entzunezko instalazioan iraniar emakumeek jendaurrean kantatzeko duten debekua salatu zuen. Horretarako, emakume iraniar bat publikorik gabeko antzoki batean abesten jarri zuen. Inork entzun nahi ez badu ere ahotsa badelako. Bularrean eta eztarrian sentitzen delako. Berezkoa eta bakarra delako. Emakumeak aire zaharra arnastu eta bere gorputzera sartu ondoren kanporatzen duenean berritu egiten duelako, aldiro aldiro. Bere ahotik ateratzen den airea hitz,garrasi edo doinu bihur daitekeelako.
Eta ez delako isilduko, inork aditzen ez badu ere.
http://www.youtube.com/watch?v=VCAssCuOGls
Irene Elorza