Dena txikitan hasi zen, gure amak Casting batean apuntatu ninduenean. Mutil askoren artean hautatu ninduten, eta ni pozik nengoen. Esaten zidaten guztia egiten nuen gustura, eta azkar ikasi nuen beharra. Orduan, egun batean, zerbait harrigarria gertatu zitzaidan, eta dena aldatu zen niretzat. Ezustean, ikerketa eta teoria askoren oinarri bilakatu zen kasu miragarri hura. Geroztik asko hitz egin, idatzi eta teorizatu zen nire kasuaz.
Gaur egun ere eztabaida handiak eta kalapita ugariak eragin ditu gertaerak. Adituak, zientzialariak, historialariak, sendagileak eta psikiatrak ez dira bat etortzen. Batzuek, asko kostata izan bada ere, sinetsi egin dute azkenik; baina gehienek, aldiz, kontra egiten dute.
Sinesgogorrek, esaterako, zera diote: dena gezurra da, zoro batek asmatutako lerdokeria bat. Nik ez diet inoiz ezer irizten, noski. Galdetu didaten bakoitzean, gogoan dudana besterik ez dut azaldu. Eta denboraz, nik aipatua, azaldua eta kontatua egia bihurtu den arren, ez dut inoren barkamenik jaso. Ez naiz kexatzen. Neurri handi batean ulertzen baititut haien jarrerak; neuretzat ere misterio hutsa da hau guztia.