Gogoan dut bazeudela hamabi eserleku ere, guztiak hiru hankadunak, gure neurriaren arabera eginak, gutako txikienetik handienera. Beste mahai txiki borobil bat zegoen, enbor beretik ateratakoa, eta lurrean zumezko azpikoa, ipurdia ez hozteko ipinita; non guk, etxeko txikienok, jan ohi genuen. Eta, ondoan, gelaren beste aldean abereak ziren. Gutxi baina!; sabela betetzeko lain.
Gogoan dut sutondo aldamenean katu beltza zegoela, gaztaina-koloreko begikoa, sorgindua zirudiena eta ametsetan beti zebilena. Katuak, noiz edo noiz, iratzarri ostean, buelta ematen zuen toki berean, beste izter-aldea berotu ahal izateko, eta gero etzan egiten zen, eta orroka hasten zen segidan, justu inguramenduetan zebilen erromatar tutuak aditzen zirenean, haranaren oihartzunari esker. Eraikuntza osoa hunkitu egiten zen orduan, eta zirrikitu guztiak dardaraka bezala hasten ziren eta isiltasun osoa egiten zen gurean eta oihanean.