Heldu ginenez geroztik hantxe bizi ginen, baso erdian, aipatu bezala, muino bateko zirrikitu ilun ospel batean. Hortxe baitzegoen gure bizitoki berria, edo zaharra, aita-amek zioten bezala, eta Muino handia esaten zioten.
Eraikuntza berezia baserria baino gehiago zen. Azkar sumatu genuen ez ginela besteren etxean, lehenago ikusi ez bagenuen ere. Gure zaharren zaharrenen bizitokia izan omen zen. Eta halaxe izan behar izan zuen.
Izan ere, amek esan zigutenean gure arbasoen izpirituez beteta zegoela, berehala baietsi genuen guk, barrura sartu ginen aurreneko egunean huraxe bera nabari baikenuen neskato-mutiko guztiok. Hormen arteko giroak laztandu bagintu bezala sentitu ginen. Ongi etorriak ginen; onartuak ginen. Ele gutxitan esanda, ez ginen arrotz sentitzen.
Bai, baserri zahar hura gure alde zegoen. Bere hormak eta harriak lagunak genituen. Barruko izpirituek babesa bermatzen zuten, gure ametsen zaindariak ziren eta baita neskato-mutikoon jolas-begiraleak ere. Harri sendo haiek beroa mantentzen zuten. Gauez egur-zaharrek soinuez kulunkatzen gintuzten eta egunez beharkizun xumeen lantokia zen.
Inguruan, txoko eta zirrikitu ugarien eskaintza zegoen gure jolasetan irudimena askatzeko. Ez ginen oso urruti ibiltzen, beti elkarrekin. Eta ulertzen ez genuen moduan, etxeak beti abisatzen zigun arriskuren bat zegoenean, bat-bateko isiltasuna egiten baitzen airean eta atea berez zabaltzen baitzen, gu ahalik eta azkarren barruratzeko.