Beste bizitza batean_10

Juan Karlos Merino 2013ko eka. 4a, 22:09

Aitak, aizkorak, zorroak eta labanak pasatu zizkidan. Gero, bien artean hartu zuten gorpua eta bizkarrera eraman zuen osabak. Errekara abiatu zen gero, kontu handiz. Ni aitarekin geratu nintzen, adi-adi. Zorro handia eskatu zidan. Barrutik zahagitxoa atera zuen, lokarria askatu eta inguruan bota zuen isurkaria. Aireari usnaka berehala hartu nuen hura pizti baten txiza zela. Jarraian, animalia baten hanka moztua atera zuen zorrotik.

Hurbildu egin nintzaion hobeto ikusteko. Lehortutako hartz baten oina zen, ikaragarri handia, animaliari orkatilatik gora moztua zeukana. Horrela, aitak, oina ondo kokatuz, hainbat urrats markatu zituen lurrean, gero zenbait adar hautsi eta landare zapaldu zituen eta, atsedenik hartzeke,  gertuko enbor batean gora apur bat igo, eta, hantxe, arbolari zuritu zion gunea igurtzi zuen hartz-larruarekin. Ostean, dena gorde zuen zorroan. Lepotik zintzilikatu zidan eta gero gure urratsak ezabatu zituen.

Amaitu zuenean, poliki, erreka aldera abiatu ginen. Hantxe topatu genuen osaba, leher eginda. Gure zain zegoen. Aitak jaso zuen orduan hilotza eta gorantz jo genuen. Aldika, nekeak jotzen zuenean, osabak hartzen zuen gorpua. Nik atzetik jarraitzen nien hitzik eta zaratarik egiteke.

Handik urruti samar ginelakoan, osabak eta aitak ezaguna zuten gertuko harkaitz arteko leize batera bota zuten gizon arrotz hura. Berehala desagertu zen ilunpean. Nik ikusitako zulorik sakonena zen hura. Hain zen iluna eta beltza, ezen baitzirudien Ama lurraren barruraino zeramala. Hondora begiratzeak beldurra eragiten zuen.

Orduan aitari esan nion niretzat gorde nahi nuela gizon horren gerrikoa eta aiztoa. Larruzkoa zen gerrikoa, oso polita, eta irudi bitxiak zituen landuak. Aiztoaren kirtena ere oso landua zen eta txit zorrotzak ziruditen bere bi ahoek. Aitak esan zidan berehala, hura ezinezkoa zela, gizon haren gauza guztiak bota behar genituela leizera, nahitaez, haietako batzuk baliotsuak baziren ere.

Galdetu nion zergatia eta onez azaldu zidan egunen batean erromatarrak azaltzen baziren eta gizon haren jantzikoak ikusten bazizkiguten, kukuak jo baino lehen garbitu egingo gintuztela. Goibel, oso goibel bota nituen leize hartara erromatarraren puska guztiak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide