Beste bizitza batean_12

Juan Karlos Merino 2013ko eka. 4a, 22:05

Garai hartan ere, baserrian, gauzarik harrigarriena ere zortzi urte betetzear nengoela suertatu zen.

Eguzkiaren egunean izango zen, ekia bete-betean sartu egin baitzen sarrera gaineko lehiatxotik eta tinko jo zuen sutondoan. Sugarrak bizitu egin ziren berehala.

Orduan, laratz inguruko hormari ez ohiko zerbait jario zitzaion. Odolaren koloreko izerdia zeriola zegoen horma, denon harridurarako. Ondoren sua areagotu egin zen, eta sugar-dantza batean aritu zen amorruz, haizea nonbaitetik hartuko balu bezala. 

Hartan, hura ikusita, gure amona aieneka hasi zen:

-Ai ene!, gure arbasoen arimak.

Denok hurbildu ginen sutondora. Katua, ondoan zegoela, bat-batean esnatu zen, eta bizkarra okertu zitzaion, era txarrez, ilea ere laztu zitzaiola, eta aldi berean ahoko biloak tentetu zitzaizkion haginak ageriz.

Animalia suari so geratu zen horrela, sorginduta bezala, garretan zerbait gaiztoa ikusi izango balu bezala. Gogoan dut, une hartan, laratz horma gainean izaki baten errainua ageri zela bat-batean.

Eta amamak egin zuen berba, ahotsa asaldatuta.

-Ai ene! Gureak hots eginka ari zaizkigu!

Anai-arrebok, zer gertatzen zen oso seguru ez geundela, amonari begira ginen harrituta, zer egin ez genekiela. Gure aitak atzera egin zuen, begiak zabalik. Osabak ez zuen tutik esan. Paralizatuta zegoen.

-Unea heldu da. Baserriak zeratu du berea –ahoskatu zuen amamak ahoan intxaurrak balitu bezala.

Amak aurrera egin zuen.

-Unea da -esan zuen kantan aritzean bezala.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide