Beste bizitza batean_15

Juan Karlos Merino 2013ko eka. 4a, 21:51

Antzinako oroitzapenez gainezka nengoen.

Ez hori bakarrik; egunak ematen nituen oroitzen, etengabe, golkoa, arima, burua eta nekea bera unatua izan arte. Barnea iraganak hartua nuen, sukarrak gorputz osoa hartzen dizunean bezala.

Aurki ezin izan nuen gehiago, eta iragarkiaren grabaketa erdian isuri nuen guztia. Barre egin zuten denek.

-Hau irudimena mutil honek daukana! 

Berriz esan nien benetan bizi izan nintzela baserri hartan; iragarkiaren gisako baserri horretakoa nintzela, eta zehaztasun asko eta gehiago esan eta aipatu nien, bai haiei eta bai entzun nahi zuen orori.

Egia esaten ari nintzen. Denak nazkatu nituen nire azalpenekin.

Baina, horretan tinko tematzen nintzela ikusita, eta, batik bat, baserriko ezaugarri, kontu, zirrikitu eta gauzak nola kontatzen, nola deskribatzen, nola azaltzen nituen entzunda, zeharo harrituta, bertan behera laga zuten lana eta etxera eraman ninduten.

Hurrengo egunean aita-amek medikuari deitu zioten. Sukarrak jota nengoen. Gertatuaz ezer ez zekitela, ohean sartu ninduten familiako sendagilearen aholkuari baietsiz.

Ohean nengoela dena azaldu nien.

-Ez dakit zer izan den, ama, sua ala eguzkia, kantuak ala katua, tximinia ala laratza, sutondora botatako erretxina ala paretako harriak. Uste dut dena batera izandako horrek guztiak barneko zenbait atetxo edo ataka ireki dizkidala; bada, amatxo, benetan dizut, baserri horretan bizi izan naiz, ondo gogoan baitut.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide