Pitzau, pitzaue. 1. Pitzadura. "Atie pitzau eiñ da". 2. Buruko ikutu berezia. "Orrek
zaukeik pitzaue, zea baño zelebrio dek!".
Lizentziarik gabe aritzen da Ignacio, eta bere jarduna ez da mugatzen urteko sasoi
jakin batera. Harrapakinak ez ditu toki jakin batean ehizatzen, biltzaile ibiltaria
da eta han-hemen bilatzen ditu jomugak. Ezkutuan jarduten du batzuetan, baina
ez derrigorrez. Isiltasuna behar du zenbait egunetan; beste batzuetan, berriz,
komunikazioari esker lortzen du helburua. Begia miran jartzen du, zain egoten da
eta une egokia iristen denean, duda izpirik gabe disparatzen du. Azkenaldian, Mexiko
aldean dabil, baina dagoeneko ehiza esparru bihurtu ditu Paris, London, Buenos
Aires, New York, Bartzelona eta Berlin.
Ignacio Lehmann argazkilari argentinarra proiektu berezi batean murgilduta dabil:
munduko hainbat hiritan 100 musuen argazkiak ateratzea. Bikoteak, lagunak,
familiak, maskotak… bakoitzak bere erara elkarri musu ematen. Honela azaltzen du
Lehmannek: “Musuen argazkiak ateratzeak hunkitu egiten nau, gogoko dut. Energiaz
eta indarrez betetzen nau. Inspiragarria egiten zait eta on egiten dit. Sinestezina
da musu hauen inguruan gertatzen ari dena”. Musu bakoitzaren atzean dagoen
emozioak erakusten dio bidea Ignaciori. Hirien mapa osatzen diote. Hirian galtzeko
mapa, hain zuzen. Eta ehun musu biltzen dituenean, hiriko kaleak eta biztanleak
atzean utzi eta beste zirrara batzuen bila abiatzen da. Baten batzuk esango dute
pitzadura galanta duela Ignaciok. Ez dakite pitzadura guztiek ez dutela bi gauza
banantzen, badaudela munduak elkartzen dituzten pitzadurak ere.
http://100worldkisses.com/