Txuta, txutaie. Ostikoz emandako kolpea. "Jotzemaut txutan!".
Urtarrilaren 26a, larunbata, 20:30ak. Azkoitia. Pote bat hartzeko geratu gara plazako
Dean tabernan. Jendez gainezka dago. Barruan, Anaitasuna Futbol Taldeko
hooliganak, tifosiak, jarraitzaile amorratuak, pozik daude. Badirudi azkoitiarrek
azpeitiarren kontrako derbia irabazi berri dutela. Nire lagunak, ni eta nire zuritoa
kanpora atera gara arkupetan lasaiago egote aldera. Berriketan ari garela, barruko
futbolzaleak kantuan eta saltoka hasi dira. Parranda giroa dago gaur. Ondoan ditudan
bi pertsonek gauza bera esan dute, hitzez hitz:
- Ezta UEFA irabazi balebe ere!!
Gero eta ozenago eta animatuago ari dira ereserkiak oihukatuz: “Alkondara gorri-
gorriaaaaa…”, “oeee, oe, oe, oeeeee”, “Azpeitixe, kaka useixe”, eta antzekoak.
Halako batean, taberna barrura begira ari zen lagunak ohartu gaitu:
- Beittu, beittu, nazien agurra eitten ai die batzuk!
Burua jiratu eta ikusi dudanak hitzik gabe utzi nau. Ez dakit zenbat diren, baina
mutil horietako batzuk eskubiko besoa jasota nazien agurra egiten ari dira. Inguruko
lagunek ez diete kontra egin. Ezta harrituta begira gaudenok ere. Kantuan eta
saltoka jarraitzen dute, parrez eta gustura. Parranda giroa dago gaur.
Eszena hau burutik ezin kenduta joan naiz lotara. Esnatu orduko bart ikusitakoaz
oroitu naiz. Urtarrilaren 27a da, igandea. Holokaustoaren Oroimenerako Europako
Eguna da gaur. Duela 66 urte halako egun batean askatu zen Auschwitz-Birkenau
deuseztatze-esparrua.