Txanbolink_14

Irene Elortza 2013ko mai. 29a, 00:14

Plantau. Jantzi.

-          Zertan ai den hori?

-          Plantatzen ai den, kalea ertetzeko.

-          Ayyy, berandu eitten ai zikun!

-          Jessseus neska, ze presa dauken!

-          Bostetan esan ginenan, ta bostak jota dittun.

-          Ene, iguel dendie ez diñebe ta iriki ondik. Eonai lasai!

-          …

-          Lixto, preparaute natxion. Nahi deuztenin jun leikeñeu.

-          Bahunan ordue, hi hire entierroa re berandu ailauko haiz!

Ahizpa zaharrena den Inaxik itxi du etxeko atea giltzaz. Erdikoak, 80 urte bete berri dituen Maixabelek, ez du inoiz giltzarik hartzen beti ateratzen delako kalera ahizparen batekin. Ez dauka gazteenaren antzik bat ere, 78 urteko Karmen bankuko kartila beti poltsan eramaten duen horietakoa da, baita igande goizean elizara joan behar badu ere.

Hirurak izan dira gaur ile-apaindegian. Goiz osoa eman dute ilea tintatzen eta markatzen. Tonu ezberdina erabiltzen dute ahizpek, grisetik more argira doan kolore banarekin. Perladun lepokoekin eta belarritakoekin apaindu dira eta pasierara atera dituzte urrezko txipi-txapa guztiak. Brodatutako blusa zuriak jantzi dituzte, angorazko jertse beltz, gris eta marroi banarekin lagunduta. Nahiz eta oraingoan garrantzi handirik ez izan, ez dute edozein oinetako jantzi;  igandetako zapatak kaxetatik atera eta takoitxoen gainera igo dira beldurrik gabe.

-          Arratsalde on! - esan dute hirurak.

-          Baitte zeuei re! -­ erantzun die dendariak.

-          Aizu, zuk karneteako moduko erretratuk atatzeittozu, ezta? - dio Inaxik mostradorera iritsi baino lehen.

-          Baibe, zerta etorri gaittun ba bestela? - Karmenek, harrituta.

-          Bai, karneteako ta bestelako neurrixetakuk e eitten dittou hemen - esaten du argazkilariak bi ahizpak sestran hasi baino lehen.

-          Ikusten? - gaztenak liskarrerako gogoarekin segitzen du.

-          Hiru ahizpek erretratue batea ata nahi al deuzte, ala?- dio dendariak irrifar batekin.

-          Ez, ez , ez!!! - hirurak aho batez - Ezta pentsau re!!

-          Argazki bana ber deu - dio Inaxik - Bañe guapa ata, e, pelukeixen izen gea ta!

-          Bai hoixe! Karneta urte askotako izetea, ta guapa eon nahi izetie normala da, bañe lasai, nerekin ez daukezue kuidoik. Sekula baño ederro atako zaittuztet!

-          Espero! Azkena ata nittun erretratutan hildekue emate nun da, zurbil-zurbil!!

-          Ta? Hirurei tokatze al zatzue karneta berritzie? - dio saltzaileak, mostradore atzeko gelarako bidea erakusten dien bitartean.

-          Keeeba! - dio Inaxik foko handien azpian dagoen aulki bakarrera hurreratuz. Bertan jarri eta kamarara begira dagoen bitartean, beste bi ahizpak argazkilariaren ondoan zutik geratu dira. Argazkilaria kamara atzetik klik egitera doanean, Karmenek belarrira esan dio:

 

-          Eskelarako da, ez daukeu ta erretratu  onik.

 

Inaxik irrifar zabal bat eskaini dio kamerari.

Klik. Klik. Klik.

--------------------------------------

Etxean entzun dut eskelarako argazkia ateratzea joan ziren hiru ahizpa azkoittiarren pasadizoa. Ile-apaindegian orraztu, dotore jantzi eta harribitxi guztiak soinean, argazkia ateratzera joan omen ziren, bizi-bizi.

Zer egingo ote luke Berlanga maisuak honelako materialarekin?

http://www.berlangafilmmuseum.com/

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide