Osau. 1. Zerbaiten bilduma egin. 2. Iritsi. 3. Sendatu.
Mailu Arrietari eta Maria Angeles Lizarralderi esker izan nuen bertso zahar hauen berri. Bertso sorta luzea omen zen baina lerro solte batzuk besterik ez zituzten gogoratzen elkarrizketatu nituenean. Ondoren, Alicia Larrañagak beste zati batzuk osatzen lagundu zidan, baina zaila zen ahoz aho transmititutako ondarea 60 urte geroago berreskuratzea. Azkenik, Nati Arizmendik berreskuratu zituen ahanzturatik, eta memoria gauza miresgarria dela erakutsi zidan.
Emakume hauek Alberdi y Compañía ehungintza enpresarentzat lanean jardun zuten gazte denboran. Urte asko pasa dira ordutik, baina memorian iltzatuta dituzte orduko kontuak, onak eta txarrak. 1950eko hamarkadan lantegian greba egin zutenekoa, esaterako. Emakume langileentzat “20 duro” gehiago aldarrikatzeko hasi zuten borroka. Erantzun modura, agintariek Goardia Zibila bidali zuten herrira, Jesusen Bihotzaren egunez. Prozesio garrantzitsua egin ohi zen egun horretan Azkoitian. Greba egun hartan, goardia zibilek lagunduta egin zuen ibilbidea palioak. Zozoak, beleekin.
Zuzula baserrikoa omen zen bertsoak jarri zituen gizona. Oraindik ez dut pasartea osatu, beraz, haren izena esango didanik ez baitut aurkitu. Norbaiten memorian gordeta egongo da hori ere.
Azkottiko herrian
pakean pakeko
baña gosea ez da
ona etxerako
Lana egin ondoren
lapikua plako
haurrak eskean eta
ogia auzorako
Bizi modu hau ezta
kristauentzarako.
Langileak aspertu
dira makinetan
besoak antxumatu
dituzte egunetan
Hasi dira nagusiak
gero konponketan
agintarien gaindik
jo dute hizketan
Agindu asko baina
guardiak kaletan.
Hasteko eta gero
emango dutela
gose dagoenarentzat
arrazoi epela
Kanta honek ez digu
betetzen sabela
erantzuten ari da
ibaian zakela
Emateko ta lana
egingo zaiela.
Azkottira guardiak
herria zaitzeko
Jesusen Bihotzaren
Egun handirako
Herri dana batu zan
prozesiorako
han ez zan inor behar
pakeak egiteko
Guardiak izan ziran
Palio ondorako.
Aginduak agindu
baina txanponik ez
egun luzatu eta
ezin jan esku hutsez
Guardian Atraskuan
kanpaian entzunez
hoien lo eta janak
kobratu ezin ez
ibili omen dira
tripetako minez.
Agindariengandik
nagusiengana
horrenbeste ibili
alperrikan dana
Esango dizuet nik
burura zaidana
holaxi ibili zala
gure Jesus ona
Herodesen etxetik
Pilatosengana.