Txanbolink_9

Irene Elortza 2013ko mai. 29a, 00:09

Kerten, kertena. 1. Heldulekua. 2. Ergela, adimen laburrekoa.

Espainian izan naiz astebetez. Egia esan, ondoko komunitatean egon naiz, urtero moduan, baina esan beharra daukat oraingo honetan zerbait aldatuta ikusi dudala. Eta gero eta urrutiago sentitzen dut lur puxka hori. Karrokada bat bandera gorri-hori ikusi ditudalako izango da, agian. Balkoietan, leihoetan, teilatuetan, txaletetako hesietan… Txikiak, galantak, kertenarekin, gabe, zezen belzdunak, DYC logodunak (taberna baten barra atzean ikusi nuen bandera hori eta alboetara begiratu Torrenteren bila!)… Zer dela eta hainbeste bandera? Espainia gainbeheran dagoenean aldarrikatzeko beharra sentitzen al dute ala? Olinpiadetan Espainiako taldea bultzatzeko jarri al dituzte hor (nahiz eta katalanek eta euskaldunek lortu dominak)? Edo galderarik logikoena Espainian egonda, La Roja-ren garaipenaren oihartzunak ote dira?

Galderak galdera, gero eta argiago daukat: nacionalismo-a indartzen ari da Espainian. Besteen abertzaletasuna arbuiatzen jardun ondoren, azaleratu egin zaie beraiena. Baina, jabetzen al dira? Eta konturatzen direnean, ulertuko al dute besteena? Eta errespetatuko al dute?

Ederra litzateke banderarik, himnorik, mugarik, ejerzitorik, Estaturik gabeko mundua. Nomadaz betetako herrialdeak besterik ez mundu bakarrean. Eskuak laztantzeko eta ez banderen kertenei eusteko erabiltzen dituzten persona askeen Lurra.

http://www.rtve.es/radio/nomadas/

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide