Ikusmiren, ikusmirie. Ikuspegia. "Ikusmire earra dao emendik".
Gauza txikiek, laburrek, xarma berezia dute. Ipuinek, film laburrek, pintxoek (zergatik ez?) bere baliokide handien -eleberrien, pelikulen, platerkaden…- osotasuna mantentzen dute, baina tamaina txikiagoan kontzentratuta. Muina berbera da baina dosia, justua. Gehiago eskuratzeko gogoz geratzen gara. Eta hori ez al da gehiagoren bila bueltatzeko modurik onena? Horregatik itzultzen gara behin eta
berriz ipuinetara, film laburretara, mokadu berriak probatzera…Eta batzuetan damutu arren, disgustoa hain da txikia, laburra, berehala gainditzen dugula eta berriz ere tentazioan erortzeko prest gaudela.
Zinemaren tentazioan behin eta berriz erori nahi dugunontzat euskarazko film laburren hautaketa bat eskuragarri jarri du Argia-k bere webgunean. Euskal Herriko zinegileen lanak ikusgai jartzeaz gain, lan berriak gehitzen joateko egitasmoa ere martxan jarri du, eta edozeinek zintzilikatu dezake bere filma multimedia@argia.com helbidera bidalita. Gainera, ostiralero dokumental berri bat zintzilikatzen dute www.dokumentalak.com atarian, guztiak euskaraz eta euskarazko azpidatziekin.
Ikusmira ederra ikusmira asetzeko.
http://www.argia.com/multimedia/laburrak