Txanbolink_23

Irene Elortza 2013ko mai. 28a, 23:56

Uskeri, uskerixe. Oso gutxi, miseria.

Bilboko Arte Ederren museoan ikusgai dagoen ‘Nestor Basterretxea: Forma eta unibertsoa’ atzera

begirakoan altxor txiki bat aurkitu dut. Ez da eskultura bat, ez da margolana, ezta lan grafikoa ere.

Kristalezko kutxa batez babestuta dago, baina ez du askorik balioko arte merkatuan. Bi artisten

proiektuaren zirriborroa da, mekanografiatutako bi orri baino ez. Ez estudio, ez apunte, ezta

prototipo ere; gutun soil bat. Hala ere, harrapatu egin nau, ni hartzaile eginez. Nestor Basterretxeak

eta Fernando Larruquertek ‘Ama Lur’ film dokumentala egin ahal izateko osatutako proiektua

jasotzen du eskutitz horrek. Diru eskaria da, orduan ere dirua behar baitzen hainbat egitasmo

sortzeko. 1968. urtea zen, eta bi lagunek Euskal Herriari buruzko dokumentala egin nahi zuten.

Urtebeteko lana aurreikusten zuten (azkenean bi izan ziren) eta xoxik ez zeukaten, sortzeko

beharra zen haien kapital bakarra. Horregatik, oraingo modernoek crowdfunding deitzen dioten

mikromezenasgo erako finantziabidea jarri zuten martxan. 1.000, 2.000 eta 3.000 pezetako

partaidetzak eskaintzen zizkieten erakundeei nahiz norbanakoei, denon artean herri gisa eraiki

beharreko proiektua burutzeko. Huskeria bat dirudi, baina seguruenez garai hartan lan asko egin

beharra zegoen 3.000 pezeta irabazteko. Huskeria bat da, sortu zuten lanaren balioaz jabetzen

garenean.

Lortu zuten. Donostiako Zinemaldian estreinatu zen 105 minutuko dokumentala, zentsurari burla

eginda. Euskal Herriko zinemagintzaren erreferente izatea lortu zuten; bada zerbait!

http://www.museobilbao.com/eu/exposiciones/nestor-basterretxea-200

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide