Inauteriak ate joka

kazetaria 2001ko aza. 30a, 01:00

Datorren astebururako hainbat ekintza antolatu dituzte Azkoitian, Inauterietan gozatzeko.

Ostiralean, otsailak 13, ikastetxeetako umeen kalejirarekin emango zaie hasiera inauteriei, 16:00etatik aurrera. Ordubete geroago, umeentzako dantzaldia izango da herriko plazan  Egan taldearekin, eta bertan merienda banatuko zaie. Kontzejupean margolanak eta eskulanak egiteko aukera ere edukiko dute herriko gaztetxoek, Abarketatxo ludotekako hezitzaileen laguntzarekin. Azkenik, Elkargunean, Disko Festa antolatu dute DJ-arekin 12-17 urte bitarteko gazteentzat, eta sariak banatuko dituzte mozorro originalena jantzi dutenentzat.

Larunbatean, otsailak 14, Azkoitiko Musika Bandaren kalejira hasiko da 19:00etan, eta ondoren, 19:30etan, Txalkor txistulari taldea aterako da. Gauean, DJ Imanolek musika jarriko du plazan 22:00etatik aurrera, eta jarraian, mozorroen sari banaketa izango da.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek otsailaren 13a baino lehen izena eman beharko dute udaletxeko harreran. Horretarako ezinbestekoa da 16 urte baino gehiago izatea, eta 23:00etatik aurrera plazatik pasatzea mozorroa erakusteko. Bestalde, Azkoitiko tabernariek ere osteguna baino lehen eman beharko dute izena harreran.

 

Olaia Juaristi

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide