Martxoaren 13an aurkeztu zenuten Azkoitiko Euskaraldiko hamaikakoa; taldeko kidea zara zu. Zerk bultzatu zaitu konpromiso hori hartzera?
Konpromiso hau hartzera bultzatu nau, alde batetik, ikusteak euskararen egoera ez dela ona; larrialdi linguistiko batean murgilduta gaude. Hortaz, iruditzen zait edozein bultzada beharrezkoa eta ongietorria dela. Ni, ahal dudan heinean behintzat, saiatzen naiz gure hizkuntzari bultzada hori ematen eta, kasu honetan, hamaikakoaren parte izateko pribilegioa eta zortea izan dut. Bestetik, urte honetan bereziki gertutik bizi dugu Euskaraldia Bulegon, abestia ere egin baitugu. Egiten den bakoitzean ukitzen gaitu Euskaraldiak, baina aurten, beharbada, gehiago eta sakonago ukituko gaitu.
Zer itxura hartu diozu hamaikakoari? Islatzen al du, zure ustez, Azkoitiko errealitatea?
Bai, nik bizi dudan errealitatea behintzat islatzen du. Anitza da generoaren eta jatorriaren aldetik, ez dago bizi guztiko azkoitiarraren profila soilik, azkoitiar berriak ala hemen jaiotakoak ez direnak ere agertu ziren. Hamaikako polita eta interesgarria osatu dela uste dut.
Horrez gain, Euskaraldiko kantua sortu duzue Bulegokook: Gure bihotzaren taupadak. Nolakoa izan da jendearen erantzuna?
Oso polita izan da, eta denbora pasatu ahala, ikusten ari gara zeinen harreman polita sortzen ari den Euskaraldiaren eta Bulegoren artean. Kantua kaleratu genuenean, abenduan, pentsatzen genuen gure partea jadanik amaitu zela. Baina ikusten ari gara luzerako harremana izango dela Euskaraldiarekin daukaguna, Euskaraldiaren eta Bulegoren arteko komunikazioa bizi-bizirik baitago. Kantuaren harrerari so egiten ari gara, eta oso polita izaten ari da. Euskaraldikoek partiturak eskatu dizkigute, jendeak eskatu dizkielako. Toki askotara iristen ari gara, eta hori zen helburua: ahalik eta pertsona gehien piztea Euskaraldira gertura daitezen eta, batez ere, euskararen erabilpenera gertura daitezen. Beraz, abestia ezarritako helburuak lortzen ari dela esango nuke.
Zu bezala herri euskaldunetako ahobizi-ak direnek, zer egin dezakete Euskaraldian euskararen alde koska bat gehiago emateko?
Uste dut arnasgune batean egoteak ez duela esan nahi erlaxatu behar garenik. Oraindik badira joera batzuk, askotan nahi gabe jarraitzen ditugunak, baina euskararen kalterako direnak. Arazo edo erronka horiek zeintzuk diren identifikatzea garrantzitsua dela uste dut. Gure gune ezagunetik ateratzen garenean, euskarari tinko eustea garrantzitsua da. Batzuetan badugu gaztelerara salto egiteko joera, hiriburuetara joatean bereziki. Bultza egin behar dugu euskara eta gaztelera uztartzen dituzten elkarrizketak normalizatzeko. Gaztelerazko erantzun bat jasotzean sortzen den deserosotasun txiki hori gainditzea garrantzitsua da eta, horretarako, garrantzitsua da presente izatea arnasgunetik kanpo ere euskaraz egin behar dugula.
Bestalde, herrian, oso garrantzitsua da gaztetxoentzako eredu izatea. Nire inguruan, gero eta gehiago sentitzen dut badugula euskañol moduko bat erabiltzeko joera, esamolde batzuk erdaraz esatekoa. Esamolde horien ordezko oso onak ditugu euskaraz, eta ez badaude, sortu daitezke. Esango nuke, baita ere, euskaraz egiten duenari harrera ona egin behar diogula; epaitu gabe, barre egin gabe... Saiakerak beti hartu behar dira ondo.
Bulegon euskaraz sortzen dituzue abestiak. Inertzia naturala da ala kontzienteki hartutako erabakia?
Euskara ez zen hautu linguistiko bat izan Bulegon; gu azkoitiarrak gara, eta euskaraz egiten dugu gure bizitza. Dena den, hasieran uste genuen euskaraz abesten duen taldea izatea ezaugarri bat gehiago zela beste askoren artean, eta denborak erakutsi digu euskara dela, beharbada, Bulegoren ezaugarri garrantzitsuena. Gazteleraz edo ingelesez kantatuko bagenu, agian ez genioke halako jakin-mina piztuko jendeari; talde bat gehiago izango ginateke. Euskaraz abesteak, aldiz, talde desberdin bat bilakatzen gaitu, zentzurik onenean.
Euskara zabaltzen ari zarete orain ere; Euskal Herritik kanpo, gainera. Belarriprest-ak edonon topatzen al dituzue?
Bai, eta asko harritzen gaitu horrek. Sorpresaz ikusten dugu zenbat euskaldun dauden Euskal Herritik kanpo. Munduan zehar euskara aurkitzen duenean, jendeari deigarria egiten zaio. Gu ohituta gaude euskaraz bizitzera, gauza normal bat balitz bezala bizi dugu, baina berezia da, bakarra. Kanpoko jendeak asko baloratzen du hori, eta belarriprest edo ahobizi asko ikusten ditugu kanpora joaten garenean. Bulegori ate asko zabaldu dizkio euskarak munduan zehar, nahiz eta garai batean pentsatzen zen euskaraz abesten zuenak Euskal Herrian geratu behar zuela, txikira jokatu behar zuela.
Zer esango zenioke jendeari Euskaraldian parte hartzera animatzeko?
Ez da ezer kostatzen, ezta? Izena eman, txapa jarri eta kontzientzia piztu. Ahobizi-en kasuan, euskaraz egin dezatela lehenengo hitza eta euskarari euts diezaiotela gaztelerazko erantzun baten aurrean. Belarriprest-en kasuan, txapa jantzita ate bat irekitzen diote euskarari, euskaraz entzuteko gogoa dutela adierazten dute. Keinu txikia da, baina asko alda dezake. Bestalde, agerikoa dena: euskarak edozein bultzada behar du. Pentsatu behar dugu nork bere ardurak hartu behar dituela; bada nahikoa arrazoi Euskaraldian parte hartzeko.