Maite Acedoren iritzi artikulua irakurri ondoren, honako hau erantzun nahiko nuke:
Zure artikulua honako esaldi honekin hasten duzu: "Posizio sozial eroso batekoa izanik, langile klasearen izenean hitz egitea, horren barnean banaketak eragiteko". 21 urte nituenetik lan munduan murgildua nago, eta zure jakinduriarako, langile klasearen izenean hitz egiten dut langile klasearen parte naizelako; 35 urte lanean daramatzan soldatapeko langile bat nauzu. Inork ez duela nahi lanik egin gabe eta laguntzen menpe bizitzea diozunean, esan nahi nizuke ez nagoela zurekin guztiz ados. Ez naiz ari lana egin ezin dutenei buruz, egin nahi ez dutenei buruz baizik, beti egon ohi dira-eta horrelakoak gizartean. Lanera joan eta egiten ez dutenak bezala edo gure lanari esker bizi direnak bezala, denetik dugu gizartean. Idazten duzu boluntario gisa lan egin duzula, eta zoriontzen zaitut horregatik. Ni ere egona naiz lau urtez Gasteizen Bidelan zentroan etxegabeei bazkariak eta afariak ematen, baita Jugoslaviako gerratearen krudelkeria arindu nahian errefuxiatuen kanpalekuan bizitzen ere. Bai batean nahiz bestean, egoera gordin asko bizi izan dut, baina batak ez du bestea kentzen nire ustez. Esan nahi dudana da, badela jendea gure gizartean lanik egin gabe laguntzez bizi nahi duena.
Ados nago zurekin gaur egungo merkatuko lanak aldi baterakoak, aldakorrak eta prekarioak direla diozunean. Ondorioz, bertako gazte asko atzerrira joan beharrean aurkitzen da lan duinago bat aurkitu nahian, edota merezi baino soldata gutxiagogatik lan gogorra egin beharrean; noski baietz. Diozun bezala, askotan nagusiaren gehiegikeriak onartzera behartuta daudela edo gaudela, neu barne. Horri buruz zerbait jakingo dudala diozu esaldi berean, baina ni ez naiz inongo nagusia (okerra da zure baieztapena). Ni langilea naiz lan egiten dudan lekuan, eta ez inongo nagusia; soldatapeko langile bat, hasieran aipatu bezala.
Langileriaren errealitatetik kanpo nagoela diozu, baina ez dut inongo momentuan esaten 1.000 eurorekin familia batek hilabete amaierara iristea duenik, poltsiko hutsarekin iristen dela baizik.
Bestalde, esplizituki ez dudala aipatzen, baina etorkinak seinalatzen ditudala diozu; benetan mingarriak dira zure hitzak. Inongo momentuan ez dut ez sexu, ez azal kolore, ez kultura edo antzekorik aipatzen edo iradokitzen nire artikuluan. "Pertsonak" aipatzen ditut. Etorkin ugariri lagundu izan diot nire inguruan, baita lagunduko ere, noski. Behar duen orori laguntzeko prest nago ahal dudan guztian, hura nondik datorren edo nora doan begiratu gabe. Ez da ez goxoa beraien etxea, gizartea eta sustraiak utzi eta gurera bizi berri baten bila datorrenaren egoera. Ez dut inongo momentuan bereizi "zein" den lana egin gabe bizi nahi duen "pertsona hori", gure gizartean halakoak badirela besterik ez dut esan. Alderantziz, "bertakook" nahi ez ditugun lan asko ateratzen dira aurrera etorkinek egindako lanari esker.
Hala ere, esan nahi dizut zure azken esaldiarekin erabat ados nagoela: benetako parasitoak langileon soldatetatik aberasten direnak dira, ez bere familia mantentzeko apurrak jasotzen dituztenak.