Poltsiko betea

Erabiltzailearen aurpegia Maite Acedo 2025ko urt. 24a, 12:31

Maite Acedok honako iritzi artikulu hau idatzi du, Yolanda Larrañagak idatzitako Poltsiko hutsa iritzi artikuluaren harira: 'Poltsiko betea'.

Yolanda Larrañagak idatzitako artikuluko astakeriak irakurri eta gero, erantzutera behartua sentitu naiz, herritarrek, gai honen inguruan, klasismoz beteriko "argudioak" bakarrik irakurri ez ditzaten. Yolandak bere artikuluan, hitz gutxitan, esaten duena da "lanera joan nahi ez dutenen" talde bat existitzen dela gizartean, laguntza sozialak xurgatzetik eroso bizi dena, beste batzuek egunero larrua jokatzen duten bitartean. Egilearen asmoa argia da, posizio sozial eroso batekoa izanik, langile klasearen izenean hitz egitea, horren barnean banaketak eragiteko.

Lehenik eta behin, inork ez du nahi langabezian egotea eta diru laguntzen menpe bizitzea, hori ikusi dut oinarrizko produktuen eta elikagaien biltegian boluntario gisa lanean ibili naizen bost urte hauetan. Bertako jendea osasun arazoez, arazo ekonomikoez, juridikoz… inguratuta bizi da. Gainera, laguntza sozialak jasotzeko baldintza batzuk bete behar dira, eta askok ez dituzte betetzen: errolda soziala izatea eta Osakidetzara nahiz hezkuntzara sarbidea eskuratzea, egoera legala, etxebizitza izatea… Ez dut uste egoera zaurgarri batean inoiz egon izan zarenik, bestela ez zenuke era hain axolagabean hitz egingo. Hari beretik, ikusten da langileen errealitatetik oso urrun zaudela, gaur egun 1.000 eurorekin seme-alabak mantendu eta etxea, eskola, janaria, arropa, kiroldegia eta abar luzea ordaindu daitekeela uste baituzu. 

Bestetik, denentzako lanik ez egotea gizarte kapitalistan berez sortzen den zerbait da, ez norbanako bakoitzaren nahiaren araberakoa; merkatuak langileak behar izaten ditu garai batzuetan eta kanporatu egiten ditu beste momentu batzuetan, teknologiaren garapenak lan postuak ordezkatzen ditu…. Horren adibide da azkenaldian Europako herrialdeetako industria sektoreko enpresa ugari itxi izana; besteak beste, Nafarroako BSH enpresak duela gutxi plazaratu du lantegia itxiko duela, 660 langile langabezian utziz. Edota urrutira joan gabe, adibide garbia dira gure herriko hainbat enpresatan jasaten ari diren soldata atzerapenak. Horrez gain, gaur egungo merkatuko lanak aldi baterakoak, aldakorrak eta prekarioak dira, askotan nagusiaren gehiegikeriak onartzera behartuta daudenak (honetaz jakingo duzu zerbait). Horretaz ez duzu ezer esan, eta gainera, jendearen alferkeria seinalatzen duzu, langabetuak parasito modura tratatuz.

Era berean, esplizituki aipatzen ez duzun arren, etorkinak seinalatzen dituzu iritzi artikuluan. Horiek pairatzen duten egoera irregularraren ondorioz, merkatutik kanporatuak izaten dira, inork nahi ez dituen eta erabat prekarioak diren lanpostuak egitera behartuak. Batik bat, emakumeak izan ohi dira egoera horretan daudenak, inongo babes juridikorik, medikurik eta sozialik gabe lanean dihardutenak, zaintza eta garbiketa lanetan, adibidez. Zentzu horretan, zure testuak etorkinekiko amorrua hauspotzen du.

Onartezina da publikoki horrelako ideia atzerakoiak plazaratzea eta horren lasai gelditzea. Ezin da normalizatu, gezurrak eta espekulazioak erabiliz, egoera zaurgarrienean daudenak seinalatzea eta haienganako gorrotoa zabaltzea. Hori dela eta, ez diegu bide emango horrelako baieztapenei ez Azkoitian, ez inon. Benetako parasitoak langileon soldatetatik aberasten direnak dira, ez bere familia mantentzeko apurrak jasotzen dituztenak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide