Giroa zakartu egin da zeharo. Beharbada lehen ere izan dira halako beroaldiak, galerna bortitzak, itomenerainoko lamadak, gorabehera galantak, baina uda betean sentitu du bat baino gehiagok, eta berria egin zaigu bere zaharrean, bakardade ontologikoaren hotza.
Jendea lagun bila abiatu da desesperatuki, gertatzen ari zaiguna ulertzen saiatzeko hitzak eta giltzak emango dizkioten adiskideen bila, babes bila, lasai hitz egiteko giro baten behar larrian. Jendea lagun bila abiatu da desesperatuki, bere mina konpartitu nahi zuen, eta batzuetan ez du isiltasuna besterik jaso Whatsapp taldeetan. Isiltasunak luze jo du, beti jotzen du luzeegi, eta berantetsita iritsi diren hitzak, iritsi direnetan, ez dira ezer sendatzeko gai izan. Nor gero eta bere baitarago amildu da. Oihu bizian ari dira telebista guztiak batere garrantzirik gabeko gauzak esaten, nork nahi du bestelakorik gaur; hozkailuan zerbeza latak ilaran, ezagutu dugun munduaren hilotzaren ondoan. Ez dago giro zakar hau jasaterik edanari eman gabe. Esan gabe utzitako hitzek erre egiten dute barrenean. Baina ezer esateko beldurra gailendu da. Izua orokorra da bat-batean.
Entzun izan dut gazteengan geroz eta nabarmenagoa dela isiltzeko joera, beldurragatik, nork bere burua baztertzeko hautua. Ez da oraingoxea hikikomori izenarekin ezagutu genuen fenomenoa. Japoniak badaki, beste kultura bat izanagatik, kapitalismoaren baitan ugaltzen ari diren gaitzak gordinki erakusten. Irailaren 8ra arte egongo da ikusgai Madrilgo Reina Sofia museoan Tetsuya Ishida japoniarraren lana.
Madrilen bertan, Casado Santapau galerian, erakusketa ireki berria du Alain Urrutiak, uztailaren 27ra arte egongo dena. Hauxe du izenburua: The Age of Anxiety. W. H. Auden idazleak XX. mendearen erdian idatzitako poema luzeak bezala.
Bero egiten du udaran Madrilen, baina itomena ez da hainbestekoa.
BERRIAn argitaratutako iritzi artikulua. Jarraitu irakurtzen.