‘Arrainentzako himnoak’, Morau ta Beñardo (egilea editore, 2014). Azala: Iñaki Martiarena ‘Mattin’ eta Javi Esparza.
Laneguna bukatu eta etxerako autobusa hartu nuen, beti bezala, etorbidean. Ez naiz akordatzen bi pisukoa al zen, baliteke. Argi zegoen oraindik, baina bazetorren iluna, heriotza bezain makal. Telefonoa isildu nuen, liburua arkatza barruan zuela itxi, burua leihora jiratu. Eguneroko pelikula zen, baina ikusten nuena ez zitzaidan ezaguna egiten, arraroa zen, lehen aldiz ikusiko banu bezala, edo azken aldiz, edo biak batera.
Txikitan, bertan ia bost hilabetez egon ostean gurasoek ospitaletik etxera ninderamatela, ez omen nuen galdera besterik egiten: zer egiten du hemen jende honek, zergatik hainbeste etxe, nora doaz auto hauek?
Orain badakit erantzuna ez dudala sekula jakingo.
Orain badakit ikusten dudan oro beti ikusten dudala lehen eta azken aldiz batera.
Eta dena ahaztuko dudala, dena ahaztuko zaidala, arrainen antzera.
Aterkia daraman arrain bat naizela.
Buruan bai, hori erraza da, bat saiatu egiten da, ulertu egin nahi du, sinplifikatu egiten ditu gauzak, konbentzioak baliatzen ditu, hizkuntzarenak batez ere, binomioak, antonimoak, eta azkenean mundua sartu egiten zaio buruan, laua eta laukitua, paperaren, pantailaren neurrikoa, baina bestea zailagoa da: azaletik bestaldera dagoen mundua, hementxe, hortxe dagoena, ikusten dudan mundua ez zait begietan sartzen.
Eta aterkidun arrainak behar ditut zerbait ulertzen hasteko, tabernan ardoa hartzeko urpekariz janzten diren musikariak, eta batez ere, aldiro itsaso puska bat autopista zubi azpira ekartzen duten ijitoak.
Itsaso puska bat agertzen da aldiro autopista zubi azpian, ijitoek uzten dute gauean, han izan dira ezkutuan lanean, eta barreiatu dituzte milaka urtetako fosilak, eta zabaldu dute arrain ustelen usaina, kresala ekarri dute, eskuekin jasotakoa. Horregatik autopista zubi azpian behe lainoak gatza dauka, olatuen talka usaindu daitekeela aipatzen du jendeak, hondoa jotako baporeen hezurrak ikus daitezkeela, eta begiak itxiz gero baita bertako biztanleak, anemonak, olagarroak.
‘Itsaso puska bat’: himno bat behar nuen, eta neuretzako egin dute hau Morauk eta Beñardok