'Katalunia eta Euskal Euskal Herria erabakiaren bidean' izenburupean, bi herriotako burujabetza prozesuen inguruan hitz egin zuten Angel Oiarbidek eta David Fernandezek. Katalunian eta Euskal Herrian abian diren prozesuetako eragile aktiboak dira biak, eta ibilbide bakoitzaren nondik norakoen berri eman zuten. Bakoitzak bere abiadura eta bere ezaugarriak dituen arren, bi prozesuon gako nagusiak berberak direla esan zuten: herritarren ahalduntzea, herri-ekimena, kohesioa, transbertsalitatea eta anbizioa.
Katalunian bezala, Euskal Herrian ere erabakitzeko eskubidearen bidean herri-galdeketak ezinbesteko tresnak direla nabarmendu zuten. "Katalunian ez legoke prozesu subiranistarik, herriz herri egin diren galdeketarik gabe", esan zuen Fernandezek. Horren hitzetan, herri-galdeketei esker lortu da Katalunian gizarteko alor ezberdinak kohesionatzea: "transbertsalitatea herri-galdeketei esker lortu dugu gurean".
Gure Esku Dago bezalako herri-ekimenen bidez, "aterpe demokratikoak" sortzen ari direla esan zuen CUPeko kideak. "Katalunian azken 5-6 urtean gizartean eman den eraldaketa ikaragarria izan da. Herritarrak mobilizatu direlako izan da hori, bestela ezinezkoa litzateke. Herria beti doa klase politikoaren aurretik. Orain, gure planteamendua ez da beste mundu bat posible ote den, beste mundu hori nola eraiki lantzea da erronka", adierazi zuen.
Abiapuntua
2009an Arenys de Munt (Bartzelona) herrian egindako galdeketa ekarri zuen gogora eragile kataluniarrak. Han egin zen lehendabiziko kontsulta, prozesu osoari hasiera emanez. "Orduan, pentsaezina zen puntu honetara iritsiko ginenik. Egun prozesua bultzatzen ari diren batzuk barre egiten ziguten. Galdeketen balioa gutxietsi zuten, folklore hutsa zela esanez. Baina hemen gaude, atzera bueltarik ez duen prozesu baten aurrean. Prozesua geldiezina da", gaineratu zuen.
Ildo beretik mintzatu zen Oiarbide. 2007an Idiazabalen martxan jarritako Nazioen Mundua ekimenetik, urratsez urrats, egungo agertokira herritarren ekimenari esker iritsi garela esan zuen. "Demokrazian sakontzen ari gara, herritarrak ahaldunduz eta ezberdinen arteko konplizidadea saretuz", esan zuen.
"Euskal herritarrak erakusten ari gara gai garela elkarrekin horrelako prozesuak aurrera eramateko, demokrazian sakonduz eta herritarrok libreki erabakiz. Ba al dago ondorengo belaunaldiei ondare hobeagoa uzterik?", galdetu zuen.
"Kontzientze gara klase politikoaren norabidea eta erritmoa ez direla berdinak. Baina, hemen herria ari da protagonismoa hartzen, inoren kontra joan gabe. Prozesuari herritarrek emango diote bermea. Gure Esku Dago ezer baldin bada, jarrera bat da, eskubide bat gauzatzearen aldeko jarrera irekia", zehaztu zuen.
Erabakitzeko eskubidea eta independentzia nahasten ote diren galdetuta, Oiarbidek esan zuen "nahasmen" hori geroz eta argiago dagoela, besteak beste, "Kataluniako ereduari esker". "Katalunia mundu mailako eredu bat da. Nik bi trenen arteko talka irudikatzen dut: iragana vs. etorkizuna. Iraganean herritarren borondateak ez du pisurik izan, baina etorkizunean herriak izango du protagonismo osoa, herriaren borondateak izango du pisu handiena. Argi dago, erreferendumak ez dira egiten irabazteko, parte hartzeko eta erabakitzeko eskubidea gauzatzeko egiten dira galdeketak", esan zuen.
'Harresi judiziala'
Bestalde, prozesua abian jarri zutenetik parez pare izan duten "Espainiaren harresi judiziala" gainditzen ari direla esan zuen Fernandezek. "Herriak gainditu du harresi hori, modu baketsuan. Espainiak ez du inoiz gai honen inguruko eztabaida politikorik proposatu. Mahai gainean jarri duen eztabaida bakarra juridikoa izan da. Porrotaren adierazle garbiena da hori, Espainiak jakin badakielako bide politikotik ezin duela irabazi. Bide judiziala da bere erreminta bakarra", nabarmendu zuen.
Erabakitzeko eskubidea oinarri demokratikoa eta gizarteko sentsibilitate ezberdinak biltzeko topagunea dela nabarmendu zuten bi hizlariek. "Kataluniako subiranismoa guztiz transbertsala da. Duela 10 urte imajinatu ezin ziren sentsibilitateak dira bidelagun orain prozesu honetan”, esan zuen Fernandezek.
"Eta gero zer? galdera da gehien egiten digutena. Prozesuak ez du atzera bueltarik. Noraino helduko garen ez dakigu, baina lehengoa izango ez garela garbi daukagu. Kataluniako gizartea gaur egun beste bat da, beste kultura demokratiko bat errotu da. Prozesu hau ezin da irudikatu erreferendumik gabe", zehaztu zuen eragile kataluniarrak.
Atzera begiratu eta egindako bideaz "gozatzeko eta harro egoteko moduan" gaudela esan zuen Oiarbidek. Euskal Herrian ere, herriz herriz, kultura demokratikoan sakontzen ari garela esan zuen. "Hau kutsatu egiten da. Egunez egun, herriz herri, geroz eta herritar gehiago ari dira olatura batzen. Asko dago egiteko, baina asko egin dugu, eta dagokion balioa eman diezaiogun horri ere", zehaztu zuen.
Entzuleen txalo zaparrada batekin eta bi hizlariek elkarri emandako besarkada batekin amaitu zen bi ordu iraun zuen solasaldia.