Maiatzaren 7an, herri-galdeketa: Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritar?

Erabiltzailearen aurpegia Urrats Taldea 2016ko abe. 14a, 08:09

Maiatzaren 7an galdetuko zaie Urola Kostako zortzi udalerritako herritarrei, tartean azkoitiarrei, euskal estatu burujabe bateko herritar izan nahi al duten. Atzo arratsaldean egin zuten aurkezpena Zarauzko Modelo aretoan, zortzi herrietako talde eragileek. Urrats ere han izan zen.

 

Zarautz, Azkoitia, Zumaia, Orio, Zestoa, Getaria, Aizarnazabal eta Errezil ere batu zaizkio erabakitzeko eskubidearen aldeko uholdeari, eta maiatzaren 7an herri galdeketa egingo dute Euskal Herriaren estatus politikoaren inguruan. Ekitaldi jendetsu baten bidez aurkeztu zen, atzo, egitasmoa Zarauzko Modelo aretoan, eta bertan jakinarazi ziren kontsultaren data eta galdera: “Nahi al duzu izan euskal esatu burujabe bateko herritar?”.

 Ekitaldian, herri bakoitzeko hainbat aurpegi ezagunek hartu zuten  parte, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko lehenbiziko sinadurak eman zituzten. Urrats herri-ekimeneko ordezkariak ere izan ziren, hainbat herritar ezagun lagun hartuta: Juan Jose Unanue 'Goenatxo'-k, Imanol Alesonek, Mikel Elorzak eta Itziar Eliasek bat egin zuten ekimenarekin.  Xabier Euzkitze eta Idoia Alberdi kazetari azkoitiarrek aurkeztu zuten saioa.

60.000 herritar inguruk izango dute bozkatzeko aukera maiatzaren 7an. "Azpeitian lekukoa hartu genuen, eta gaurtik aurrera Urolako Kostako herritarroi ere indarrak batzeko momentua iritsi zaigu", adierazi zuen Euzkitzek. Helburua erabakitzeko eskubidearen aldeko "olatu handi bat" sortzea da.

 "Ez daukagu erronka makala. Kasik 60.000 herritar gaude iritzia ematera deituta. 60.000 ur tanta, elkarrekin olatua sortzera deituta. Udaberrian lehertuko gara, indar erakustaldia egingo dugu, erabakitzeko eskubidearen bidean mugarri izan behar baitu gure eskualdeak. Herri txikia gara, baina handia aldi berean", zehaztu zuen Alberdik.

Erabakitzeko eskubidea, finean, oinarrizko aldarrikapen demokratiko bat dela gogorarazi zuten Zarautzen: "Erabakitzeak egiten gaitu libre. Gaur egungo estatus politikoak ez ditu gure beharrak asetzen", azaldu zuen Euzkitzek. "Kezka ugari ditugu, baina inork ez digu haien inguruan galdetzen. Euskal Herrian, gehiengoak eskatzen du aldaketa. Pertsona adina proposamen daude, baina bada gauza bat guztiok elkartzen gaituena: aldaketarako nahia. Herri gisa aldaketa hori eskatzeko eskubidea daukagu, eta aldaketa hori nolakoa izango den erabakitzekoa. Oraintxe da horretarako momentua.  Demokrazia osasuntsu batek herritarren hitza du oinarri. Udaberrian, beraz, zer esana badaukagula erakutsiko dugu, eta merezi dugula gure etorkizuna erabakitzea".

Galdeketarako lehenbiziko urratsa herri bakoitzean sinadurak biltzea izango da. Azkoitian hasita gaude lan horretan, eta bide onetik goaz.

 

ATZO EKITALDIAN PARTE HARTU ZUTEN AURPEGI EZAGUNAK:

 

AZKOITIA

• Imanol Aleson (mendiko korrikalaria)

• Juan Unanue Goenatxo (harrijasotzailea)

• Itziar Elias (aktorea)

• Mikel Elorza (txirrindularia)

ZARAUTZ

• Telmo Esnal (zine zuzendaria)

• Jaione Eskudero (musikaria)

• Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' (idazlea)

• Xabier Euzkitze (aurkezlea)

• Ainhoa Murua (triatloilaria)

• Esteban Collantes (Zarautz Kirol Elkarteko zuzendaria)

• Ainhoa Alberdi (aktorea)

• Andrea Zaldua (Bera-Berako jokalaria)

• Axi Muniain (surfista)

• Skasti musika taldeko bi kide

GETARIA

• Idoia Arrieta (historialaria)

• Aitor Arregi (futbol jokalaria)

• Pili Manterola (sukaldaria)

• Agustin Ezenarro (kazetaria)

ORIO

• Xabier Lizaso (ikertzailea eta musikaria)

• Mikel Orbañanos (arraunlaria)

• Oihana Blanco (judoka)

• Idoia Etxeberria (harrijasotzailea)

• Ibon Gaztañazpi (kazetaria)

ZUMAIA

• Jon Maia (bertsolaria)

• Arritxu Iribar (kazetaria)

• Joanito Dorronsoro (bertso-eskolen sortzailea)

• Edurne Egaña (Euskadiko Kirol Portuetako zuzendaria)

• Marie Toure (dantza afrikarren irakaslea)

ZESTOA

• Garikoitz Mendizabal (musikaria)

• Joxe Arregi (frantziskotar ohia eta idazlea)

• Jexux Larrañaga (antropologoa)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide