Gaur, ekainak 28, sexu askapenaren eguna da

Urtean izaten dira egun seinalatu batzuk: “emakume langileen eguna”, “homofobia, lesbofobia, transfobia eta bifobiaren kontrako eguna”eta noski ekainak 28an sexu askapenaren eguna.

 

Honek ez du esan nahi gure jendartea parekidea, homofobiaren aurkakoa eta askapen sexualaren aldekoa denik. Alderantziz, jendarte matxista, misogino, homofobiko, transfobiko etab luzeegi batean bizi gara, baina jakin denok dakigu dagoeneko hori ez dela polita. Ez dela ondo geratzen garbiegi esanda. Sutiltasunaren atzean bai esaten da pentsatzen dena: “niri homosexualen eguna egotea ondo iruditzen zait”. Beraiek eta gu banaketa horrekin.

Gu “pertsona normalak”, beraiek “arraroak, desbideratuak”. Guk “pertsona normalok” onartzen ditugu, eta ez hori bakarrik, beraien egun bat izan dezaten eta ospatu dezaten uzten diegu, noski beti ere gure aurrean musukatzen ez badira edo “espektakulu” gehiegi ematen ez badute. Seriotasunez kartel baten atzean ezkutaturik irteten badira eta ondoren zaratarik atera gabe etxera joan ondo iruditzen zaigu, baina aldarrikatzen den askatasun hori publikoki eta praktikan erabiltzen badute ez, zarata ateratzen badute ez, musukatzen badira ez,“espektakulua”ematen  badute ez.

Horrela ez dira gerrak irabazten, ez ezta? Zer lortuko dute ba horrela?

Baina zer lortu nork? Beraiek.

Beraiek nork? Sexu askapenaren egunean heterosexualak ez direnek, emakumeen egunean emakumeak direnek... Jendartean baztertuta dagoen edozein kolektiboz ari garenean distantzia bat markatzen da, “beraiek” eta “gu”.

Elkarren askatasuna mugatzen badugu, beraiei ez badiegu usten diren bezalakoak izaten guri ere ez digute utziko garen bezalakoak izaten. Emakume bat kritikatzen badugu nahi duen guztiekin oheratzeagatik edo mutil bat  pluma izateagatik, ohartu gu ere kritikatuak izango garela arautik kanpo dagoen edozer egitean.

Pertsonak ez gaude estereotipoen eta moldeen barruan bizitzeko eginak, guztiok gara ezarri zaigun eredua baino konplexuagoak eta anitzagoak. Erraza da beti arazoa besteena balitz  bezala jokatzea, baina hau irakurtzen  ari den norbaitek esan aldezake guztiz aske dela nahi duena egiteko? Akaso txikitan futbolean ibiltzen diren mutil guztiei benetan futbola gustatzen zaie? Akaso makilatuta eta depilatuta dauden neska guztiei hori egitea gustatzen zaie? Akaso norbaitekin oheratzean beti nahi duguna egiten eta eskatzen ausartzen gara? Akaso neskak masturbatzen garela lasai esan dezakegu? Akaso etxeko andrebati bokazioz gustatzen zaio plantxatzea edo ama guztiei beraien haurrak zaintzea? Akaso ez dago mutil sentsiblerik?  Ohartu zaitezte, denok erori garela tranpan, denok gaudela harrapatuta eta soilik besteei aske izaten utzita askatuko garela.

JENDARTEAALDATZEA GUZTION BORROKA DA, ETA BESTE ALDETIK BEGIRATZEA, EZER EGIN GABE, GURE BEGIRADA “TOLERANTE” ETA POLITIKOKI ZUZENAREKIN INJUZTIZIA PERPETUATZEA DA.

Gaurko eguna ez da soilik armairutik atera direnen eguna, guztiok gaude gure askatasuna nolabaitmugatzen duen armairu batean, eta armairu hauek  jendarteak sortzen ditu. Armairuak erretzeko eta puskatzeko eguna da! Dagoeneko kontzeptu honen gainetik gaudela eta jendea armairuetan sartzeari utziko diogula erakusteko eguna da, eta honen ardura kolektiboa da. Txikitatik eta hil arte bakoitzari genero rol eta estereotipoetatik aske dagoen bizi duin bat bizitzeko aukerak ematea da helburua.

Hau esanda, zatoz gurekin ospatzera! Hemen egitaraua:

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide