Herriko lore koloretsuen festa

Erabiltzailearen aurpegia Miriam Frances 2018ko abu. 31a, 16:02

Datorren irailaren 15ean, zapatua, Herrikoloreak eguna ospatuko da Azkoitian. Kultura eta kirola uztartuko dituzte, herriko kirolari eta kulturari bultzada bat emateko.

 

Ez dute aurreikusten Herrikoloreak urtero egingo den festa egun bezala; ekimenaren asmoa da herriko eragileen lanaren balioa azpimarratzea eta horien guztien artean harremanak saretzea. Banakako zein taldekako hainbat ekintza ari dira prestatzen goizean goiz hasi eta iluntzera bitartean herrian egingo den festarako.

Ideia berrien eta kultur adierazpide ezberdinen pasabidean, Azkoitiko herritar batzuk elkartu eta bidelagun bilakatu dira. Elkarrizketa eta truke aberatsetik hasita, kultura eta kirola aintzat hartu dituzte Herrikoloreak ekimena martxan jartzeko. Irailaren 15ean, zapatua, egun osoko festa izango da herrian. «Herrikoloreak Azkoitiko herritar talde batek eta kulturaren eta kirolaren arlo guztietan lanean diharduten eragileek osatzen dute», azaldu dute Herrikoloreak taldeko kideek. Beraien hitzetan, ekimenaren helburu nagusia da «herriko kirolari eta kulturari bultzada bat ematea, eragileen lanaren balioa azpimarratzea eta elkarren arteko harremanak saretzea». Azkoitiko kirol eta kultur arloko 60 eragile inguruk osatzen dute Herrikoloreak ekimena. Taldearen barruan, dozena bat lagun antolakuntzaz eta koordinazioaz ari dira arduratzen. «Bakoitza esparru ezberdinetatik dator, eta norbere ezagutzen inguruan ari gara ekarpenak egiten», kontatu dute taldetik. Lagunartean sortutako taldea dela aitortu dute, eta hortik hasita «zabaldu» dela proiektua. Antolatzaileek argi dute Herrikoloreak ekimenaren bitartez zabaldu nahi duten mezua: «Beharrezkoa da herria bizirik mantentzeko, elkarbizitzarako, elkar ulertzeko eta elkarrekin gozatzeko kultura zaintzea eta aintzat hartzea. Azken finean, horixe dakar kulturaren trukeak, eta irailaren 15a ideia horren isla izango da».

2018. urte hasieratik hasitako ibilbidea pausoz pauso joan da sendotzen, eta orain irailaren 15ak hartuko duen forma dabiltza lantzen. Urtarrilean, ideia otu zitzaienean, hasi ziren lagunekin hitz egiten eta inguruko eragileengana hurbiltzen. Jendeak «harrera ona» egin zuela ikusita, otsail aldera edo, hainbat proiektu aztertu zituzten, beste toki eta herri batzuetan egin diren ekimenak izan zituzten hizpide: «Azkoitiko kultur ekimenak —Xirikatzen, esaterako—, Mundumira, Olatu Talka, Marabilli sormen festibala… izan ditugu kontuan; horiek izan dira gure inspirazio iturri», adierazi dute Herrikoloreakeko kideek. Horrela, jendeak esandakotik eta beste proiektuek inspiratutako ideietatik abiatuta,  kontzeptua lantzen eta proiektua herrira zabaltzen hasi ziren. Horri guztiari gorputza emateko, irudia eta estrategia definitu, sare sozialak martxan jarri eta merchandising-a sortu zituzten.

Hori guztia egindakoan, ekimenak oinarri sendoa eman zion proiektuari, eta jada bazuten jendeari zer aurkeztu. Beraz, orduan hasi zen koordinazio taldea herriko eragileekin harremanetan jartzen. Bi galdetegi betetzeko eskatu zieten eragileei: batean, beraiei buruzko informazioa galdetu zieten —noiz sortu ziren, nor diren, zein helburu dituzten, etab.—, datu horiekin herriko kirol eta kultur eragileen bilduma sortzeko; bestean, irailaren 15ean zer egin nahi duten eta zer baliabide behar dituzten galdetu zieten. «Herrian bakoitzak bere lekua izatea nahi dugu, eta horri ekiteko erabiliko da informazioa: eragileen berri emateko, bakoitzaren historia eta momentu honetan egiten ari direna argitaratzeko», azaldu dute Herrikoloreakeko lagunek.

Irailaren 15a egun eguzkitsua eta jendetsua irudikatzen dute antolatzaileek, denek ondo pasatuko eta gozatuko duten eguna izatea nahi dute. Ardura handiz ibiliko dira lanean:  «Argi dugu gu oso lanpetuta ibiliko garela dena ondo irten dadin, erronka handia baita horrelako egun bat ondo koordinatzea eta dena ondo ateratzea».

Izenaren inguruan ere galdetu diegu ekimeneko kideei. Bi esanahi dituela esan daiteke: Herri Koloreak edo Herriko Loreak gisa irakur daiteke ekimenaren izena. «Kulturaren eta loreen arteko paralelismoa erakutsi nahi dugu izenarekin. Loreek, kulturak bezala, ondo zainduz gero, herriari kolorea eta bizitza ematen diote, eta biak behar-beharrezkoak direla uste dugu, nahiz eta askotan ez zaien balio hori aitortzen. Ideia horretatik dator Herrikoloreak izena eta kontzeptua», argitu dute taldeko neska-mutilek.

Herrikoloreak ekimenari esker, herriko hainbat talde elkartuko dira une eta leku berean, eta elkartze hori zergatik egin nahi izan dute zehatz azaldu dute taldetik: «Badaude herrian aurrez saretuta dauden eta oso aktiboak diren eragileak. Halere, uste dugu, egun horretan eragile aktibo horiek guztiak batera, egun berean eta herri berean, kalean jarduteak eta ikusteak sentipen berezi bat sortuko duela. Hori bizitzea berezia eta suspergarria izan daitekeela iruditzen zaigu, eta hala izatea espero dugu».

Proiektua talde eragile batek jarri zuen abian, baina horrelako egun bat antolatzeko herriko gainerako eragile guztien eta herritarren beharra dago, josten hasitakoa ondo lotzeko. Jendearen harrera ona azpimarratu dute antolatzaileek: «Oso ona izan da bai eragileen eta bai herritarren harrera. Ideia zabaltzen hasi ginen lehen unetik ekarpenak egiten hasi ziren guztiak, eta horri esker lortu dugu dimentsio honetako sare zabala eta aberatsa sortzea».

Egitaraua «oso anitza» izango da, eta herriko kirol eta kultur jarduera zabala erakutsiko da. Herritar guztiek izango dute euren zaletasunak bizitzeko eta partekatzeko aukera, eta, aldi berean, jendeak orain arte ezagutu edo bizi izan ez dituen kultur jarduerak eta kirolak  ikusteko eta probatzeko eguna ere izango da. Kirola, musika eta kultur talde zein eragile anitzek egingo dute bat Azkoitian. Kirol arlotik, Xeye, Ttipi-ttapa, Anaitasuna, eskalada, igeriketa, tenisa, pilotariak, xakea, zumba, gimnastika erritmikoa, Mangaixue BTT, Herri Sport, Txikia IV aizkolaria, Jon Unanue Goenatxo III.a, kriketa, eskubaloia, boloak, parkour, giza probak… askotariko talde eta norbanakoen erakustaldiak izango dira. Horiez gain, hainbat musika taldek eta bakarlarik ere hartuko dute parte festan: Funkdamental, Passepartout, Silence, Hartz, Gallardos, Jotakie, Lizar, Piztiak, Trini Fox, Deus Ez, Rodeo, Baserriko Oilaskue Labien, Dientes de Luna, Uther, Delient, Dunk, Patta, Zizel, Ane Jurado, Udal Musika Banda, Iraurgi Abesbatza, Bizkargi Musika Eskola, trikitilariak, batukada, Nestor piano jotzailea, K-baret antzerki musikala, bertso-poteoa eta bertsolariak balkoitik balkoira… Bestelako kultur taldeek eta eragileek ere izango dute euren lekua Herrikoloreak festan: Bizilore, tour historiko gidatua Juan Bautista Mendizabal eta Ekaitz Etxezarreta historialariekin, argazki tourra Ainara Garciarekin, Zakel Zaltuk, Ali eta Ixkurre margolariak, Beris argazkilariaren erakusketa, AEKren Mintzodromoa, artisauen postuak, Irrien Lagunak, Alai Batza, Bingoa Jubilatuen Elkartekoekin, Errebueltieren kotxe erakustaldia, paella lehiaketa, Pegote eta Julian argazkilariak...

Aurten egingo da lehen aldiz mota honetako festa Azkoitian. Aurrera begira zer asmo dituzten galdetuta, berriz, honakoa erantzun dute: «Ez dugu aurreikusten honelako egun bat urtero-urtero antolatzen jarraitzea; hori baino gehiago, egun hau zerbaiten abiapuntutzat dugu. Herrikoloreak ekimena iraunkorra izateko asmoarekin jaio da eta, aurrera begira, kultura bultzatzeko ekintza ezberdinak hainbat formatutan egitea dugu buruan».

Ekimenari babes ekonomikoa eman dioten guztiak «herriko kultur lorategiko lorezainak» dira; horrela deskribatu dituzte Herrikoloreak-eko lagunek, diruz lagundu duten guztiei eskerronez.  «Dirua ezinbestekoa da honelako egun bat aurrera ateratzeko; gainera, kontuan hartu behar da egun horretan parte hartuko duten eragileek ez dutela ezer kobratuko, baina ezta ezer gastatuko ere». Izan ere, irabazi asmorik ez duen ekintza da hau: «Babes ekonomikoa lortzeko bide desberdinetara jo dugu: merchandaising-a jarri dugu salgai, udalak ere eman du babesa, tabernariek ere bai, herriko hainbat enpresetan eta saltokietan ere jo dugu atea, eta horien guztien babes ekonomikoari esker, aurrera atera ahalko da ekimena».

Ekimenak bere kantua ere badu. Honela dio letrak: «Azkoiti lagunkoi, anitz, bizi, jator. Aurten udaberria irailean dator. Esnatuko baitira, herri koloreak, kaleetan margotzeko herriko loreak! Eskuz esku, lorez lore, zenbat forma eta kolore. Herriko loreak, herri koloreak, herriko loreak, herri koloreak. Edozer has daiteke lurzoru urritik, tanta bat jarriz gero norbere iturritik. Lorategian bizi bazaitezke, tira, geratuko al zara balkoitik begira? Herriko loreak, herri koloreak, herriko loreak, herri koloreak! Eskuz esku, lorez lore, zenbat forma eta kolore. Herriko loreak, herri koloreak…». Musikaz gain, kamisetak eta poltsak ere eskuragarri daude herritar guztientzat. Herriko hainbat denda eta tabernatan eskuratu daitezke: umeen kamisetak Karan eta Ñam-Ñam dendetan; eta helduenak Dean, Zurt, Atraskua, Etxe-Aitz eta Ttakun tabernetan, eta Yoko eta Andueza dendetan.

Mangaixue bizikleta martxak hirugarren urtez irailean egingo du mendi martxa. Aurten bi ekimenak batera egitea egokitu da. Herrian egingo diren beste kultur ekintzekin egingo du topo aurtengoan Mangaixuek. «Aurten, Mangaixuek hirugarren edizioa izango du, eta orain arte bezalaxe izango da, bere ordutegia eta espazioa mantenduko ditu. Aldatuko dena da, bizikleta-martxa den bitartean, herrian kultur ekintza ezberdinak izango direla. Uste dugu gauza positiboa izan daitekeela hori; izan ere, Mangaixuen parte hartzen dutenek eta horiei laguntzen dieten familiako kideek, lagunek, eta bestelakoek giro berezia aurkituko dute herrian, eta martxari berari ere berotasuna emango dio».

Irailaren 15era bitartean, Azkoitiko loreei buruzko informazioa herrikoloreak.eus webgunean eta herri ekimenaren sare sozialetan dago eskuragarri. Facebooken eta Instagramen ari dira partekatzen informazio eguneratu guztia.

 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide