Azkoitiko sinboloak eta tradizioak garai berrietara egokitzeko unea iritsi da

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2024ko abu. 13a, 09:00

Iazko Andre Maria jaietako korporazioko irudi bat. (Julene Frantzesena)

Kepa Alberdik honako ekarpen hau argitaratu du Andre Maria jaietako korporazioaren eta Azkoitiko banderaren inguruan.

Iaz, andramaixetan, herri honen nortasunari buruz asko esaten duten bi errealitateri buruz idazteko ideian atzera egin banuen ere, aurten, lerro batzuk herritarrekin partekatzea pentsatu dut.

Aspaldiko ohitura da, andramaixetan, udal ordezkariak korporazioan parrokiara joatea eta, azken urte hauetan, bertako jaietan ohitura bihurtu da, baita, herriko bandera Azkoitiko etxeetako balkoietan jartzea ere.

Antzinatik, Eliza katolikoak eragin handia izan du ekitaldi zibiletan zein erakunde publikoetan eta, modu batera edo bestera, oraindik herri eta hiri askotan mantentzen dira ohitura eta erritu horiek. Horren ondorioz, adierazle asko dira, erakundeak Eliza katolikotik gertu daudela erakusten dutenak; esate baterako, imajinaezina da hainbeste herrietako jaiak meza nagusirik eta prozesiorik gabe ospatzea. Elizak oraindik duen indarraren arrastoa neurri handi batean gizarteratuta dugu oraindik eta, horrenbestez, nahiz eta legeek esan gurea Estatu akonfesionala dela, erlijioak bertan duen pisua eta presentzia handiak dira eta, laikotasuna ez da oraindik ailegatu erakunde publikoetara.

Hori horrela, herrietako jaiak antolatzerakoan ere, nabaria da ekitaldi erlijiosoen agerpena, herriek aspalditik datozen tradizioak dituztenez eta, tradizio horiek, bertako parte direnez. Gure herrian ere gauza bera gertatzen da, bertako udalbatzaren zati bat, adremaixetako elizkizunetara bandera eta guzti joaten baita prozesioan, herritar guztiok ordezkatuz. azkoitiar askorentzat, ekitaldi hau bere zentzu erlijiosotik haratago doa, bere zentzu historikoagatik edo herrian errotutako tradizioagatik egiten dela pentsatzen dutelarik, baina hori, bere benetako zentzua ukatzea da, funtsean, tradizio honek ere sustrai erlijiosoa baitu. Bestalde, tradizioak eraldatzeko daude, beste jokabide-parametro batzuekin mugitzen den gizarte baten esparruan lekurik ez badute eta, horregatik, tradizioak garai berrietara moldatu behar dira, jendearen momentuko errealitatera, pentsamenduetara eta balioetara egokituz. Tradizioak tradizio, ezin diogu bizkarra eman datorrenari.

Horrekin esan nahi dut, Azkoitian ere, udalbatzak akonfesionala izan behar duela, herritar bakoitzaren ordezkari den momentutik, hauetako bakoitzaren erlijio-askatasuna, kontzientzia-askatasuna eta pentsamendu-askatasuna errespetatu behar baititu. Beharrezkoa da, erlijio-konfesioak eta administrazio publikoa bereiztea, hori baita, herritarren arteko berdintasuna bermatzeko modu bakarra.

Era berean, ez dagokio udalbatzari herri bateko jarduera erlijiosoak herri-jaietan antolatzea. Elizak berak prestatu behar du jaietan zehar erlijio-programa konfesional partikular bat, mezak, prozesioak edo bestelako ekitaldiak deituz, nahi duenak parte har dezan, baina betiere, udalak antolatutako jai-programatik kanpo.

Udala, erakunde publiko gisa, kolektibitateari zor zaio, fededun izan ala ez eta, horregatik, ezin du bere presentziarekin edo jarduerarekin erlijio jakin bat legitimatu, bere izaera laikoari eta akonfesionalari zor zaion tolerantzia erlijiosoaren printzipioa eta indarrean dagoen legea urratuz. Beste gauza bat izango litzateke norbanako gisa joatea, bere kargu politikotik haratago.

Hau guztia kontutan hartuz, nire ustez, lekuz kanpo dago andremaixetan udal ordezkariak prozesioan parrokiara joatea, herriko festak jarduera zibil gisa garatu behar baitira, herritar oro kontuan hartuz, inolako konnotazio erlijiosorik gabe.

Esan gabe doa, gogoeta hau ez doala Azkoitiko udalbatzaren aurka, honek tradizioari jarraitu besterik ez baitio egin, baina azpimarratu nahi nuke, gure herria garai berrietara egokitzeko garaia iritsi dela, udala eredutzat eta bultzatzailetzat hartuta.

Bestalde, eta gaiz aldatuz, guztiok gogoratuko dugu, nola 2022. urtearen hasieran, Azkoitiko bandera ofizial berriaren aurkezpena ospatu zen. Ordura arte niretzat hain deigarria izan ez bazen ere, egun hartan banderak bere armarriaren gainean zeraman koroa ikusteak goitik behera astindu ninduen eta zer pentsatua eman zidan.

Azkoitiko herriko banderak daraman armarria, 1989ko martxoan onartu zen eta, honek, koroarekin batera, Azkoitiko Hiri Prestu eta Leiala titulua zuen azpiko aldean. Titulu hau, XVI. mendean eman zion Espainiako erregeak Gipuzkoako herri guztiei. Bost hilabete lehenago, 1988ko urrian, udalak herriko armarriaren proiektua egin zezan eskatu zion Vicente de Cadenas y Vicent genealogista eta Espainiako azken arma-erregea izan zenari, ondoren armarriaren errehabilitazio ofiziala egiteko. Aditu honek, Azkoitiko armarriaren aurrekariak hainbeste artxibo, fondo eta gainerako kontsulta-gunetan bilatu ondoren, ez zuen aurrekari heraldikorik aurkitu, baina bai, Azkoitiko kontzeju, udal eta alkatetzari zegozkion hiru zigiluren aztarnak. Horietako lehena, 1876an ziharduten alkatearen eta idazkariaren iritziz, Gaztelako Enrique II.a erregeak hiribilduari emana izan zen 1369an. Esan behar da, armarri horren irudia, ordutik, herriko hainbat lekutan agertzen dela: gaur egun Balda plazan dagoen iturrian (1700), Munategiko santutxoan (1746) eta udaletxearen aurrealdean (1773), besteak beste. Lehenengoak ez du koroarik goiko aldean eta, beste bi kasuetan, agertzen diren koroak ez dira lege heraldikoetara egokitzen, ez baitatoz bat borboien edo Espainiako Errege Koroaren bereizgarriekin.

Esanda bezala, Azkoitiko Udalak, azkenean, Vicente de Cadenas y Vicent genealogistak aurkeztutako armarri-proiektua onartu zuen, bere koroa eta azpiko tituluarekin. Ezer baino lehen, argi utzi nahi dut ez dudala zalantzan jartzen armarria onartu zuen korporazio haren borondate ona, haren helburu nagusia herriaren armarria ofizialtzea baitzen. Esan beharra daukat ez noala, ezta ere, armarri hori duen bandera balkoian jartzen duten herritarrak kritikatzera, ezta gutxiagorik ere, badakidanez horiek guztiek ere bere asmorik onenarekin ipintzen dutela. Nire asmo bakarra da, armarri hori erabiltzen jarraitzen duen udalari, gai honi buruzko gogoeta sakona egin dezala eskatzea eta duela 35 urte hartutako akordioa zuzentzea, armarriari koroa kenduz, beste udal batzuek, Oñatikoak (Gipuzkoa) kasu, egin duten moduan. Esan beharra dago, Oñatiko Udalari aurkeztu zitzaion armarriaren proiektuan ere Errege Koroa agertzen zela eta, udalak eskatuta, legez kendua izan zela.

Eta zergatik hau? Azkoitiarrak ordezkatzen dituen ikur nagusiak gure nortasuna, baloreak eta izaera ordezkatu behar dituelako. Hori horrela, ezin dugu gaur egun dugun armarria onartu, bertan agertzen den koroak agintaritza monarkikoa ordezkatzen duelako eta, horrekin batera, mendeetan, ukazio eta urraketa etengabeekin Euskal Herriaren existentzia eta oinarrizko eskubideak gaitzetsi dituztenen ikur nagusia delako.

Okerrena da, gure artean horrelakoak normaltasunez hartzeko joera dagoela, gure iragana ahaztuz eta kontuan hartu gabe historia batzuk beti jarraitzen dutela hemengoak eta gaurkoak izaten. Mikel Laboaren kantak dioen bezala, txoriari txori izaten utzi behar badiogu eta geu izaten jarraitu behar badugu, honelako gaietan ezin dugu beste aldera begiratu, oin puntetan pasatzeko gaia balitz bezala, horrek, gizarte moduan, heldutasun eza erakutsiko lukeelako. Udalari dagokionez, merezi du gogoratzea Azkoitiko Udalaren gehiengoa ez dela egon azkeneko mende erdian bertan Espainiako bandera jartzearen alde eta, zaila izango litzateke orain ulertzea, herriko armarriak, udalak berak ofizialdutakoak, Espainiako banderak duen sinbologia izatea, eta, are gehiago, udalean dauden bi alderdi nagusiak abertzaleak direnean.

Idatzi hau, nola ez, errespetu osoz idazten dut, baina baita gure agintariek errespetu hori azkoitiarrengana zabaltzeko exijentzia argiarekin ere.

Sinboloei eta tradizioei begira, gure herrian higiene pixka baten beharrean gaudenez, has gaitezen bide horretan ere urratsak ematen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide