Horietako bat eztei zeremonia ospatuko zen elizara egiten zen segizioaren ohitura da. Usadio hori XX. mendeko bigarren erdialdera arte ezagutu zen, eta normalean, andregaiaren etxetik abiatzen zen segizio hura bi multzotan banatzen zen; bata emaztegaiaren inguruan, eta bestea, senargaiaren bueltan, bakoitzaren lagunek osatuta eta musika giroan. Zeremonia herrian bertan edo hemendik gertu izaten zen, inora joateko garraio egokirik ez baitzen izaten, eta horren ondorioz, parrokian, Loiolan, Madariagan, Urrategin, Martirietan edo hurbileko beste eliza batzuetan ezkontzeko ohitura zegoen. Hari beretik, aurreko mende erdi aldera arte auto gutxi zegoenez, askotan, baserrietatik taxian joaten ziren ezkongaiak elizara.
Elizkizuna bukatutakoan, emaztegaiak lore sorta oparitzen zion Azkoitiko eliza edo kapera bateko Amabirjinari. Beste batzuetan, ezkontzan erabilitako lore sorta senarraren familiaren hilobian uzten zen. Ohitura horrekin lotutako beste antzeko usadio bat ere bazen: emazteak familia berriaren eliz hilerriaren edo jarlekuaren jabetza hartzen zuen, eta ordutik aurrera etxe berriko hildakoei eskaintzak egiteko ardura izaten zuen hark. Erritu hori ezteien ondorengo igandean egiten zen, eta "eliz hartzea" edo "sepultura hartzea" izenez ezagutzen zen. Elosun, esate baterako, aurreko mendeko hirugarren hamarkadan, ezkon ondorengo igandean, "amenezaxua" izeneko meza egiten zen, eta bertan, emazte ezkonberria bere senarraren familiak elizan zuen hilobiaren gainean kokatzen zen, eta ofrenda bezala, etxean egindako "olatia" izeneko opila eman eta horretarako prestatutako saskian uzten zuen. Mezak irauten zuen bitartean argizaiola pizten zuen, eta apaizak hildakoengatik errespontsua ateratzeko "txakur haundia" edo hamar zentimokoa jartzen zuen. Segidan, ezkon berrien etxean "kontraezteiak" izeneko bazkari berezi bat egiten zen, horien familia banaren artean.
Ezkontza zeremoniak liturgia jakin bati jarraitzen zion, eta errituaren barruan bi ekitaldi bereizten ziren: ezkontza elizkizuna eta ezkondu ondorengo jaia. Garai baten, eliz ospakizuna elizaren ate aurrean egiten zen, bertan baimena eman eta diru eraztunak bedeinkatuz, hori baitzen zin sakratuak egiteko izendatuta zegoen tokia. Antzina, kasu askotan, andregaiak bakarrik eramaten zuen eraztuna, eta hori lortzeko modurik ez zuten etxe pobreetakoek beste norbaiti eskatzen zioten. Elizkizunean erabili ondoren, berriro ere jabeari bueltatzen zioten. Aurreko mendeko berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera hasi ziren ospakizun hori eliz barruko aldare nagusiaren aurrean egiten. Zeremonian zapi bat ipintzen zen emaztegaiaren buruan eta senargaiaren sorbaldan, bien uztarketaren seinale moduan. Normalean, elizkizuna astegunez egiten zen, eta hainbesteko garrantzirik ez izatean, gonbidatu gutxi izaten zen; horrez gain, eguneko betebeharrak ere ez ziren eteten. Ezkontza, egun berean edo beste egun batean egiten zen, bazkaria alderantziz, ospakizun handia izaten zen.
Ezkontzan erabilitako lore sorta senarraren familiaren hilobian uzten zen
Ezkongaien janzkerari dagokionez, oso aspaldiko erabakia da, XVII. mende hasierakoa hain zuzen ere, elizan sartzeko emakume guztiek mantelina janztea derrigorrezkoa zutela esaten zuen agindu ofiziala. Ohitura hori aurreko mendeko hirurogeigarren hamarkada arte ezagutu zen Azkoitian. Ordura arte, emaztegaia beltzez edo kolore ilunez janzten zen, eta osagarritzat meza liburua eta arrosarioa eramaten zituen. Ordutik aurrera jantzi zuria eta lore sorta nagusitu dira emaztegaiaren janzkeran. Era berean, senargaiak, traje beltza edo marra urdindun txalekoa, ehunezko alkandora zuria gorbatarekin eta trajearen poltsikoan zapi zuria eramaten zituen; geroztik kolore argiagoak erabiltzen ditu hark. Bestalde, ezkontzara gonbidatutako emakumeek beti izaten zuten arropa edo osagai berriren bat han estreinatzeko, baina ez gizonezkoek; horiek jaietan normalean janzten zituzten arropa berberak jantzita agertzen ziren.
Ezkontza zeremonia amaitu ondoren, segizioa edo jarraigoa egiten zen, normalean, gizon ezkonberriaren etxera, gurasoak han egoten baitziren elizan izandakoaren zain, eta bitarteko bide horretan ez ziren falta izaten musika eta "txapleruak". Ondoren, aurrez atondutako bazkariaren momentua heltzen zen, nahiz eta batzuetan, hurrengo igandean egiten zen, eztei bidaia labur baten ondoren. 1950era arte, eztei bazkaria etxean egiten zen, eta handik aurrera jatetxeetan egiteko ohitura zabaldu zen. Etxean egiten zen garaian, ezteiak egun batez zein hiru egunez luza zitezkeen, beti ere sendiaren diru baliabideen arabera. Bazkaria atontzeko animaliak bezperan hiltzen ziren, eta bi edo hiru egun lehenago hasten ziren jaki goxoak prestatzen. Ospakizunean pertsona asko bilduko bazen, auzokoei eskatzen zitzaien ontziteria, eta etxekoekin batera, inguruko emakume sukaldarien laguntzarekin atontzen zen denen gustukoa izan behar zuen bazkari berezia. Eztei bazkaria jatetxean egiteko ohiturak indarra hartu zuenean, Kiruri ondoko Amenabar, Kiruri bera, Olaberri, Errezil, Madarixako taberna, Alameda eta beste jatetxe gutxi batzuetan ospatzeko ohitura nagusitu zen. Garai bateko eztei bazkarietan, oilaskoa eta legatza izaten ziren plater nagusiak eta estimatuenak, baina izaten zen bestelako jaki goxorik ere, eta edatekoa franko. Bazkariaren tartean apaiza ezkonberrien artean esertzeko usadioa ere aspalditik dator, eta ondorengo dantzak ere haren zaintzapean egiten ziren beti, batez ere dantza lotua egitea debekaturik zegoenean.
Eztei bidaia, senideak bisitatzeko
Ezkondu ondoren, eztei bidaia egiteko momentua heltzen zen, baina hori ez zuten bikote guztiek egiten. Alde batetik, lehen ez zen sentitzen ezkon bidaia egiteko premiarik, eta bestetik, gastua zen, eta ezkontza berak nahiko diru jario eragiten zuen aurretik ere bikote askorengan. Aurreko mendean ohikoa zen ezkon bidaia baliatzea herritik kanpora zen familiako moja edo apaiza edota nebaarrebaren bat bisitatzeko. Haien etxeetara joaten ziren askotan, han pare bat egun igaro eta atzera etxera bueltatzeko. Bidaia hori normalean trenez egiten zen, eta Donostia, Bilbo edo hemen ondoko beste hiriburuak ziren normalean bisitatuenak, baina baziren Madrilera, Bartzelonara edo Sevillara joandako ezkonberriak ere.
Ezkontza bueltako errituei begira jarrita, bada duela hamarkada batzuk arte ohikoa zen beste zeremonia bat ere: ezkontzen zena baserriko maiorazkoa bazen eta senargaiak haren baserrira ezkondu behar bazuen, hark arreoa eramaten zuen baserrira dote moduan, normalean ezkondu eta gero. Tradizioz, oso gazterik hasten ziren neskatoak, amaren laguntzarekin, jostun lanetan jardunez beraien arreoa osatzen, eta hori urtetako lanaren emaitza izaten zen. Beste gauza batzuen artean, etxerako oihal mota guztiak, izarak, toallak eta barruko arropak prestatzen ziren, eta horiekin batera altzariak eramaten ziren etxera: besteak beste, oheak, armairuak, mesanotxeak, komodak, mahaiak, artilez egindako koltxoiak edota arkoiak. Emaztegaiak etxeko gela bat prestatzen zuen arreoa lagunei eta ezagunei erakusteko, eta bertan zeuden arropa, altzari, tresna eta bestelakoak zerrenda baten apuntatzen ziren, ezkontzara gonbidatutakoen ohiko opariak gehituz. Arreorako, apaingarriz hornitutako gurdi handiak erabiltzen ziren, eta zenbat eta gurdi gehiago bete, orduan eta maila edo kategoria handiagoarekin agertzen zen emaztea herritarren aurrean. Horrela, herritarrentzat erakargarria izango zen arreoa prestatzen zen, eta jendea jakin-min handiz bide bazterretara hurbiltzen zen arreoaren jarraigoa ikustera. Ibilbidean zehar, ahalik eta soinurik handiena ateratzen saiatzen ziren, eta suzirien leherketak eta gurdiei ipinitako zintzarriak ateratzen zuten zarataz gain, gurdien erroberen ardatzek ere halako txistu berezi bat ateratzeko modua topatzen zuten: "Gurdiak kantau ein behar dik", esaten zuten garai hartan. Gurdian, oheak, ispiluak eta goruak toki berezia izaten zuten, denak ikusteko moduan, baina ez horrela etxerako ontziak, horiek eramateko asto bat jartzen baitzuten askotan gurdiaren aurretik.
Bukatzeko, ezkontza bueltan baziren gaizki ikusitako jarduera bat baino gehiago ere, eta horietako bat alargun geratzen zirenei zegokien. Izan ere, alargun geratzen zirenek, gizonezkoek zein emakumezkoek, bigarren ezkontza luzatu egiten zuten zuhurtziagatik, ez baitzegoen ondo ikusia berriro ezkontzea gutxienez urtebete pasatu arte. Aldi hartan esaten zen alargunek ez zutela ezkondu behar harik eta senarraren heriotzagatik familiaren hilobian pizten zen kandela itzali arte, eta hori hamahiru hilabetez pizten zen. Haurdun ezkontzen ziren neskak ere baziren, eta horiek ere bereak eta bi pasatzen zituzten jendearen jarduna zela eta. Haiek jantzi nasaiak eta faxak erabiltzen zituzten sabela ezkutatzeko, eta ezkontza isiltasun handienean egiten zuten. Bazen umea bere amarena zela esaten zuen neskarik ere.
Alargun geratzen zirenek luzatu egiten zuten bigarren ezkontza, zuhurtziagatik
Azkoitian errotuta zeuden eztei zeremonietako eta ondorengo erritu batzuk azalduta, ziur nago urteetan aurrera doazen herritarrei ez zaizkiela oso urrutikoak egingo kontu zahar horiek, asko beraiek zuzen-zuzenean bizitakoak izango baitira. Herriko gazteek, berriz, oso modu desberdinean barneratuko dituzte usadio horiek, eta mendeetan atzera egiten dutela irudituko zaie haiei. Izan ere, hainbeste gizalditan ezagutu eta sinesmen osoz praktikan jarri diren erritu asko bertan behera geratu dira hamarkada gutxitan, eta orain, antzinako usadio haien memoria gordetzea besterik ez zaigu geratzen, gure ondorengoek ere ezagutu eta jakitera eman ditzaten beren arbasoen ohitura zaharrak.