Ezkontzen bueltako kontuak (I)

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2022ko mai. 22a, 15:24

Azkoitiko ezkontza baten unea, joan zen mendean. (Arroitajauregiren argazki funtsa)

Kepa Alberdik apirileko Maxixatzen aldizkarirako egindako ekarpena: 'Ezkontzen bueltako kontuak'.

Ezkontza bi pertsonak elkarrekin bizitzeko asmoz hitzarmenez egiten duten zeremoniatzat badugu ere, erritu horrek aldaketa sakonak bizi izan ditu, eta orain trataera arinagoa ematen zaion arren, duela gutxira arte betebehar juridiko eta sozial asko sortzen zitzaizkien ezkongaiei. Azkoitian ere mende askotan erlijio eta lege zibil zorrotzei lotutako usadioek bideratu izan dute ezkontzaren bueltako kultura. Oraingo belaunaldiei kapitulazioa, arreoa, ezkondeia, arrak eta ezkonsaria hitzak arraroak bazaizkie ere, ezkontzarekin lotutako errituen parte izan dira azken mendeetan.

Lehen, herriko neska-mutilek elkar ikusteko aukera gutxi izaten zuten, eta igandeetako meza ondorena edo erromeria izaten ziren horretarako paradarik egokienak. Elkar ezagutzeak bere bidea egiten zuenean, bikotea kalean bakarrik ibiltzen hasten zen, eta hori izaten zen herritarren aurrean bikotearen hartu-eman formalaren adierazle nagusia.

Arreoko arropa.

Arreoko altzariak.

Arreoko beste altzari batzuk.

Behin bikoteak ezkontzeko erabakia hartzen zuenean, bi ezkongaien familien arteko lotura estutzeko ohitura zegoen, ondoren ezkontza eskatzeko, ezkontzarako hitzarmena zehazteko eta opariak trukatzeko. Lehenengo betekizuna ezkongaien familien artean prestatzen zen ezkontza hitzarmenari forma ematea zen. Itun hori ezkongaien gurasoek hitzartzen zuten horien esku-hartzearekin, eta kasu askotan, interes ekonomikoek lehentasuna zuten bikotearen amodioaren gainetik. Semea edo alaba etxera ezkontzekoa bazen, ezkondu eta gero senaremazteak bete beharreko elkarbizitzarako arauak adosten ziren, etxearen ardura ziurtatzeaaz eta etxekoekin izango zituzten betebeharrak zehazteaz gain. Adibidez, Azkoitian ohikoa zen baserrian geratzen ziren ezkonberriek hango gurasoen kargu hartzea, gaixotzen zirenean zaintzeko eta haien ehorzketak eta hileta elizkizunak ordaintzeko. Horrez gain, baserriko seme-alabak mantendu behar zituzten han bizi ziren bitartean, eta ezkonsaria eman horiek ezkontzen zirenean. Noiz edo noiz, elkarbizitzan arazoak sortzen ziren senar-emazte zaharrenaren eta gaztearen artean, eta kasu horietarako ere, baserria uztera behartuta aurkitzen ziren senar-emazte gazteentzat kalte ordaina hitzartuta izaten zen aurretik. Alde guztiek sinatu ondoren, ezkongaiak eta beren gurasoak herriko taberna batera joaten ziren zerbait jatera.

Ezkontza kontratua.

Bestalde, emaztegaiak, ezkondu aurretik, ezkonsaria izeneko ekarpen bat egin behar izaten zuen: batetik, ohea, komoda, aulkiak, ohe gainekoa edota izarak osatzen zuten arreoa zegoen, eta bestetik, diruz osatutako dotea. Arreoa, amaren ardurapean osatzen zuen emaztegaiak neskato zenetik. Etxera etorriko zen ezkontidea mutila bazen, hark dotea bakarrik eramaten zuen. Aurreko mendeko hirugarren hamarkadan emaztegaiaren dotea hamar mila errealekoa zen batez beste, horietatik zortzi mila arreokoak eta gainontzekoa dotea. Ezkontza kontratua sinatzeko egun berean, emaztegaiaren aita notaritzara joaten zen arreoaren prezio zerrendarekin eta dotearen diruarekin. Horiek biak emaztegaiaren gurasoek ordaintzen zituzten. Era berean, ohikoa zen baserriko oinordekoak beste anaiei dotea ematea horiek ezkontzen zirenean.

Irizarrenekoen ezkontza.

Etxezakortako maiorazgo ezteiak, 1932 urtean.

Gurasoen baietza jaso eta gero, ezkondeiak egiten ziren. Ezkontza egunaren aurreko hiru jaietan egiten ziren ezkondeiak, Meza Nagusian, eta herritarrei ezkontzaren berri ematen zitzaien han.

Ezkondeiaren fundamendua, ezkongaiek ezkontzeko nahia agertzeaz gain, nobaiti ezkontzaren aurkako argudioak edo erreklamazioak egiteko aukera ematea zen. Bitxia da Elosuan egiten zen tradizio bat: elizan bigarren deiunearen berri eman eta gero, ohikoa zen senargaia anaiaren laguntzaz emaztegaiaren etxean lehen aldiz sartzea, sorbaldan zahatoa zuela. Ohitura hori botakadia izenez ezagutzen zen.

Garai batean, ezkontzak eliz atarian ospatzen ziren, eta nola ez, egun horretan eguraldi ona egitea zen ezkongaien desioetako bat. Aspalditik datorren ohitura da andregaiak 13 arrautzako dozena entregatzea Santa Klara komentuko lekaimeei, ofrenda moduan, ezkontza egunean eguraldi ona egiteko otoitz egin zezaten. Horri lotuta, beti uste izan da ezkontza egunean euria eginez gero, ezkondu berrien bizitza zoritxarrekoa izango zela, batez ere emaztegaiaren kaltean.

13 arrautzako dozena entregatzen zen Santa Klarako komentuan.

Ezkondu behar zutenen "despedida" izenaz ezagutzen den ospakizunez ere ezin ahaztu. Senargaiaren despedidan, normalean, kuadrillako mutilek agur bazkari oparoa dastatzen zuten, ondoren parranda ederraz gozatzeko. Emaztegaiari berriz, errefresko izeneko despedida egiten zitzaion, eta azken finean, izenak berak dioena egiten zuten: mokaduarekin batera freskagarri bat hartu lagunartean. Gonbidapenei dagokienez, lehen hartu-eman gehiago izaten zen auzokoekin, eta horiek ere ezkontzara gonbidatzen ziren. Elosuan, aurreko mendeko hirugarren hamarkadaren hasieran, lehengusuak eta lagunak joaten ziren zeremonia erlijiosora, denak gazteak. Gurasoak, osaba-izebak eta beste gonbidatuak etxean egoten ziren, elizako segizioaren zain. Horrez gain, senideen eta auzokideen opariak espezietan egiten ziren Elosuan. Arropak oparitzeko ohitura zabalduta zegoen, eta hango amona batek kontatua da ezkondu aurretik senargaiaren anai-arrebei alkandora edo mantar bana oparitu ziela, eta gurasoei, kamisetak. Pare bat hamarkada geroago, hurbileko senideek kristaleria, kafe kikara eta antzekoak oparitzen zituzten bitartean, beste senideek eta lagunek dirua ematen zuten.

Emakume azkoitiar bat hain ohikoa ez zen ezkontzeko arropa zuriarekin.

Ezkontzaren bueltan beste usadio bitxi asko jartzen ziren praktikan, horietako asko gaur egun sinesgaitzak. Egun, leku batetik bestera bidaiatzea erosoa egiten zaigu, baina lehen baliabideak urriak ziren, eta zailagoa zen herri batetik bestera mugitzea. Horregatik, normalena ezkontza herri berekoen artean egitea zen. Ondorioz, endogamia kasuak ere ezagutu ziren gure herrian, eta ohikoa zen norbait alargun geratuz gero, bere ezkontide zenaren anaiarekin edo ahizparekin berriz ezkontzea. Era berean, guztiz ohikoa zen etxe bateko anaiak beste etxe bateko ahizpekin ezkontzea. Kasu horretan, anaia bat hiltzen bazen, beste anaia egiten zen haren familiaren kargu. Ezkongaietako bat dolu aldian bazegoen, ezin zen ezkontzarik egin, eta horregatik, dolu aldia laburragoa izaten zen. Aitzitik, gaur egun ezkontzeko egunik aukeratuena larunbata bada ere, garai baten asteko edozein egunetan ezkontzen ziren, asteartean eta ostiralean izan ezik, zorte txarreko egunak zirelako. Goizean goiz egiten zen ezkontza zeremonia, goizeko bederatziak aldera beranduenez. Gure herrian bazen goizeko seietan ezkontzen zen bikote pobrerik ere, arropa dotoreak, musika eta ezkontzari lotutako ohitura arranditsuak saihesteko, eta horrela, herritarren aurrean lotsagarri ez geratzeko. Ezkondu aurreko ohitura horiek eta beste usadio bitxi ugari ezagutu zituzten gure aitonamonek, eta garaiko gizarteko ohiturak modu hartan errotuta zeudenez, halaxe bete behar; zer erremedio. Eztei zeremonian eta horri lotutako ondorengo ohituretan ere bazen beste hainbat erritu, baina kontu horiek bigarren atalerako utziko ditugu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide