Berenak eta asto beltzarenak entzun behar izan dituzte Espainiako erregearen arreba biek, zergatik eta covid-19aren kontrako txertoa hartzeagatik. Ez dute, Basurtoko eta Santa Marinako ospitaleetako zuzendariek bezala, inongo protokolorik urratu. Ezin, beraz, nahita ere dimisiorik eskatu. Ezta aita zaharrari bisita egiteko Madrilekin muga egiten duen Abu Dhabira joatearren ere. Orduan, non dago arazoa? Rafael Bengoa hamaika aldiz goratuak ohi duen doitasunez azaldu du: «ez zuen gertatu behar». Estanpa soziala erakutsi behar izan du, ikusgarri egin, behar handiagoan izanik, oraindik zain dagoen jendea. Bestela esanda, ez dute legez kanpoko ezer egin, baina iraingarria da; zeren iraultza soziala "Perseverance" bezain urrun, eta janda praktikan aukera-berdintasunik ez dagoela, ez du behekoak beste esperantzarik goikoa ondo jokatzen ikustea baino. Azkenaldian gobernantza ona deitu gogo den hori, alegia.
Temosoa da, ordea, eguneroko martxa. Eta ugariak delinkuente etikoak. 2011n, Rajoy presidenteak ahoa zabaldu zuen: "une zailak dira, langileei esatera nator lan gehixeago egin behar dugula, eta gutxixeago irabazi". Lau urtean, %27 gehixeago igo zion jornala bere buruari. Pulpitu moral garaiagotik mintzo izan da Nazioarteko Diru Funtsa, behin-birritan eskatzeko gobernuei jaisteko pentsioen diru-sariak. Christine Lagarde zuzendariak 352.859 euroko soldata zuen 2013an. Futbolari onek bezala, besteri eragindako irabazien neurriko fitxa.
Berria egunkariak argitaratutako iritzi artikulua. Irakurri osorik.