Suak hartzen ninduen garai batean. Udal aldizkariak postontzietan agertzen hasi zirelarik, ez zen azeria izan beharrik orri haiek zer helburu zuten ohartzeko. Nahikoa zen begirada azkar bat. Eta hala nabil orduan, argazkiak zenbatzen lehenbizi, gero betikoak zenbatetan agertzen diren ikusteko. Eta han daude, hamarretik hamaikatan, igerileku berria inauguratzen ez bada zaharretxean irribarretsu, alpakazko plaka grabatuak banatzen. Xanoa ni: udal aldizkariak ez ziren ezeren berri emateko, agintean zeudenen promozio etengaberako baizik. Diru publikoa betikoen larderiazko betikotze funtzioan. Amorratuko ez nintzen ba. NODO hurregi genuen konparaziorik ez egiteko.
Gainera, dena monokromoa zen harako hartan, boteregune nagusietatik aparteko antolaketan, beste bat zen jende xehearekin komunikatzeko modua. Kaudillismotik urrun, masa zen figura nagusi. Novecentok ezagun egin zuen Pellizza da Volpedoren afixan bezala, kolektiboak ziren irudiak. Hauteskunde kanpainetan ere, ezinbestekoa zen pertsonalizazioari ihes egite hori. Ideologiarekin batera zetorren irudien trataera: inor ez inoren gainetik.
Berria egunkarian argitaratutako iritzi artikulua. Irakurri osorik.