Hasieran Espainiako Erresumaren aldia izan zen, eta denok ikusi genuen zer zegoen bosgarren mendeurrenaren kari antolaturiko ekitaldien atzean. Kulturen arteko topaketa gisa erakutsi ziguten hura genozidioaren ospakizuna zen, ez zegoen benetako gogoetarik ez bestelako begiradarik gertatuaz. Orain bozketa egun orori «demokraziaren festa» nola, «Hispanitatearen festa» deitu zitzaion 1992ko mozkorraldi patriotiko hari, eta guk (diferenteak, formatuak, kritikoak beti) atoan hartu genion usaina.
Gero Elkanoren txanda heldu zen, eta nola Oasiak ere bere mitoak behar dituen (ahal bada unibertsalak, homologatuak) igo beharra zegoen olatuaren zurda gainera. Utikan 92 hartatik ikasita, moldatu egin zen diskurtsoa, ustez. Elkanoren balentriak ez zuen zerikusirik proiektu inperialista batekin, euskaldunon izaera ekintzailearekin baizik. Gu ginen onenak munduan itsasontziak egiten, ozeano zakarrak lemaz goldatzen. Jende ausarta izan gara beti, begiratu bestela bost mende ostean gure enpresei, teknikaren berri ona zabaltzen urbi et orbi.
Berria egunkarian argitaratutako iritzi artikulua. Jarraitu irakurtzen.