Usadio bera gatibu dagoenetik. Sartu ditu oinak zola gainean, jantzi ditu arroparik nasaienak eta hor atera da patiora, ororen begiradapean. Aurreko egunetan, markak utzi ditu porlan gainean. Ttipi-ttapa, galapa gozoan ekin dio, antxintxika bizkorragoan bigarren bueltarako. Zangoak nekatu ahala pizten zaio bihotza. Oihuka hasi denean baina, seko erotuta dagoela ebatzi dute gainerako presoek. Zeharo egin zaio, errepikatu dute funtzionarioek.
Morena alderdiko diputatu den Armando Contrerasek eman du datua: Mexikon, zortzi milatik gora dira interpreterik eta abokaturik gabe preso dauden indigenak. Elebakarrak dira asko, edo elebidunak badira, ez dakite castillarik. Horregatik eskatu dio Contrerasek estatuari jar ditzala behingoz bitartekoak atxilotzen dituzten unetik beretik defentsarako eskubidea izan dezaten, ez dadila inor preso egon bere hizkuntzaren. Eskubidea izan arren, herrena baita praktikan legea. Prozedurak akatsez josiak daude, eta ez bakarrik itzulpen arazoengatik. Askok eta askok ez zuten atxilotze-agindurik. Amarruen biktima izan dira, bestek egindako delituen ardura sinatu dute, torturapean sarri, zer sinatzen zuten jakin gabe. Esan gabe doa, epaileek ere erdeinuz hartzen dituzte kasuak. Urte luzez bizitza hondatuko dien erabakia.
BERRIA egunkarian argitaratutako iritzi artikulua. Irakurri osorik.