Pazko uhartean bisitan zela, hitzez hitz biluztu zen Consuelo Valdes, Txileko Kulturen ministroa: «nire agintaldian, museoan ditugun hiru moaietako bat itzuliko dugu. Rapa Nui kulturaren zaindari eta enbaxadore onenak aurkitu du etxera itzultzeko garaia». Borondate onaren erakusgarri, Carlyle Simth arkeologoak irlan bildutako harri, metal eta koralezko piezak zeramatzan Valdesek, bi kutxa bete. Ia ehun urte egin ditu moaiak etxetik kanpo, metropolietan munduaz zegoen ikuspegia bestelakoa zenetik.
Antzeko adierazpenak egin zituen iaz Emmanuel Macronek Burkina Fasora eginiko bisitaldi batean: «Espero dezagun bost urte barru baldintzak egokiak izatea afrikar ondarea Afrikara itzultzeko». Kolonialismoaren lurrunetan Frantziako museo publikoak bete zituzten piezez ari zen, 88.000 gutxi gorabehera. Asmo politikoaren oinarrian Benedicte Savoy frantziar historialariak eta Felwine Sarr senegaldar ekonomialariak buruturiko txostena dago: «Hasierako urrats sinboliko eta psikologikoa izanen da hau prozesu jarraiari ekiteko. Frantzia ez bada gai legez erosiak izan zirela erakusteko, ebatsi zituen herrira itzuli beharko ditu».