Aldaketaren bat gorabehera, Carreterok Miño hegian jasotako pasadizo bera kontatzen da Bidasoaldean ere. Antzekotasunak ez dira hor amaitzen, baina. Izan ere, liburuan sartu ahala, bizikizun zaharrak datozkio irakurleari gogora, mugazainen eta kontrabandisten arteko jolasaz harago hemen ere belaunaldi oso bat jo zuten gertaerak.
Ohartzerako, hildakoz bete zait gela. Komunean, ohean, kale bazterrean xiringa besoan hilik agertutako adiskideak, ondoren etorri zen zigor biblikoak eramandako lagunak, Elgoibar gaztez hustu zuena, Bermeori belaunaldi oso bat ostu ziona. Galegoz zein euskaraz, bera zen etxekoen sufrimendua eta bertsua enpresarien eta «segurtasun indarren» arteko tratua, lehendik kontrabandoarekin urraturiko bideen gainean batzuk ederki aberastu zituena.