«Baina mesedez, ez daitezela bidaietakoak izan».
Eta hala, orriz orri, lehendik ezagunak zituen hamaika txokotara itzuli zen. Fikzioa izanagatik, jendea, paisaiak eta gertaerak berreskuratzen lagundu zioten. Tarteka malkoa ateratzeraino hunkitzen zen idazleak bere errotan jotako istorio haiekin. Denbora erraz zihoakion hala.
Egun batean, dutxatik atera berri, konketa gainean utzitako erlojuari eman begia eta alabari deitu zion:
«Gauzak zer diren! Neuk halakoxe erlojua zaukanat!»
«Zeharo egin zaizu ala? Zeurea ez da ba!».
Ohe ondoan pilatzen zihoazkion liburu haiei esker, ezagutu gabe geratu zitzaizkion hamaika herritan ibili zen. Desibili egin behar izan zuen lehendik ibilitako asko.
Handik astebetera, janzten ari zela, armairuan zintzilikatutako praketan erreparatu eta semeari hots egin zion:
«Kasualitatea! Neuk ere horrelakoxe galtzak ez ditiat bada!»
«Ez zara benetan ariko, ezta?».
Eskolan hala aginduta, bilobek nazionalismoa bidaiatuta sendatzen den galdetu ziotenean, ez ahazteko espainiar errege-erreginen karabelak esan zien, itsaso-urratzen arpilaketara joanak; frantziar tropen ibiliak Afrika mendebaldean, Indotxinan eta Polinesian; Estatu Batuetako marineenak Korean, Somalian, Iraken...