Bakea eta barkazioa

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Aranbarri 2016ko mai. 16a, 12:13

Orain zazpi urte Bakearen Nobel saria eman ziotenean, erabakia zuritu beharra egon zen: asmoei emandako saria zen hura, ez ordura arte egin zuenagatik, ezpada bere gobernualditik espero zenagatik. Auskalo zer zeukaten ortzemugan Stokholmen bildutako ongizon haiek: bonba nuklearren kontrola, barealdia Asia Mendebaldean, Guantanamo zarratzea, jakizu. Kontua da sarituari ari zaiola ahitzen bigarren legealdia ere eta munduak Mafaldaren piltzar zaharra izaten segitzen duela, gero eta mandarrago, zatarrago, ipizkiago.

Laster, Hiroshimara joango den AEBetako aurreneko presidentea izango da Barack Obama. Ez omen dago pentsatua, hala esan zaigu prentsa bulegotik, barkamena eskatzea Hiroshiman eta Nagasakin eragindako 200.000 hildakoengatik. Hori bai, bakea goraipatu eta arma nuklearrik gabeko munduaren aldeko aldarria egingo ei du, esan nahi baita, diskurtso eder bat gizateriaren edergarri.

Ez da usatu gabea horretan Obama. Martxoan, Buenos Airesen Memoriaren parkean izan delarik, ez du ez estatu terrorismoa ez Estatu Batuek argentinar diktadura pizten eta laguntzen izan zuen rola kritikatu, are gutxiago barkaziorik eskatu. Hitzaren prestidigitadore handi, «giza eskubideen defentsan berandu ibili izana» deitoratu du, eta belarriez jo dio txalo ondotik negozioak diktadura garaian gizendu zituen Macri presidenteak.

Jarraitu hemen iritzia irakurtzen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide