Bidegabekeriaren irudi bera transmititu digu oraindik orain Mikel Reparazek EITBrako Guantanamotik bertatik egin duen erreportaje lanean. Preso bakartuak, epaitugabeak, elkarrizketatu ezin dituenak inondik ere, eta kartzelazainen atzaparra uneoro kazetariaren gainean, zentsura etengabean. Benetako laidoa ofizioari. Irla uztera doala, itsaso zilarreztatua dirdirka, zer geratzen zaio Reparazi idaztearen mendekua baino. Gauza gutxi munduan analogia baino indartsuagorik: «Hirurogei urte lehenago itsaso hori bera zeharkatuz Gerald Lester Murphy pilotu estatubatuarrak Jesus Galindez euskal herritarra Trujilloren Dominikar Errepublikara eraman zuenean bezala. Hurrengo geltokia: tortura eta heriotza. Baina hori munduko demokrazia handienaren atzeko patioko beste istorio bat da. Beste bat baino ez».