Hauen zerrenda ere, eman dute, laidozko direlako edota mozdade kulturalaren erakusgarri. Esan gabe doa, garai kolonialekoak dira gehienak. Ortodoxoak lasaitzeko, ia inoiz ez dira tituluak artistek eurek jarriak.
Geu bezala, bere garaiaren emaitza baita hizkuntza. Ez aspaldi ere, gaur aldean sarri erabiltzen genituen mongoloa, subnormala, marikoia, emagaldua, maketoa, hezurbeltza, ijitoa... Borondate pixka bat eta pedagogia puska bat behar izan dira usadio errotu batzuk aldatzeko. Beste batzuek hor segitzen dute; berriak ere asmatu ditugu. Hitzak ez dira ez hemen ez han jainkoak hiztunari Sinai mendian, Donemiliaga Kukulakoan edo Iparla gainean emanak. Garai jakin batean sortu eta bultzatuak dira, menoste sexistez, arrazistez, klasistez usu, erabiltzailearen mesedetan eta lehendik ere zanpatuaren kaltetan.